Barañaingo Udalak (Nafarroa) errefusatu egin du gaur goizean Nafarroa Bai taldeak aurkeztu duen mozioa, iragan igandean hirian izandako atxiloketak kritikatzen zuena. NaBaik "atxilotze modua" kritikatzen zuen, baina soilik bere sei zinegotziek eta Ezker Batuaren bakarrak bozkatu dute alde. Alkatetza duen UPN Union del Pueblo Navarroren hamarrek eta PSN alderdi sozialistaren laurek kontra bozkatu dute. Ezker abertzaleak egun ez du ordezkaririk, bere zerrendak legez kanpo utzi dituzte azken urteotako hauteskundeetan.
Bilkura hamar bat minutuz geratu da bertan behera, hainbat lagunek eskuorriak zabaldu dituztenean, atxilotutako bi gazteen aldekoak. Udaltzainek kanporatu dituzte.
NaBairen mozioak, besteak beste, atxilotuen eskubideak errespetatzeko exijitzen zuen, baita errugabetasun ustekizuna eta osotasun pertsonala errespetatzeko ere.
Gainera, atxilotze modua kritikatzeaz gain, Guardia Zibilak miaketa indiskriminatuak egin izana salatu du NaBaik. "Neurriz kanpoko metodoak erabili dituzte, gainera atxilotuenak ez diren eraikinetan ere".
Era berean, "Guardia Zibilaren eskutik" Barañainen pairatzen duten "jazarpen egoera" salatu du, baita "atxilotuen egoera jakiteko auzotarrek antolatutako bilkura baketsuen kontra jasandako traba eta oztopoak" ere.
"Barañaingo gazteria ez kriminalizatzeko" eskatzen zuen, halaber, mozioak, eta zenbait alderdi politikok atxiloketen "erabilera politikoa" egitea gaitzesten zuen.
Bilkura amaituta, Jose Antonio Mendibe alkateak nabarmendu du mozio horrek "herrian tentsioa sortzea" bilatzen zuela. "UPNk beti Poliziaren erabaki eta ekintzak errespetatzen ditu. Mundu guziak defendatzen ahal ditu bere ideiak metodo baketsuen bidez, baina, logikoki, Barañainen indarkeria erabiltzen duen erradikal talde bat dago, eta hori da denok gaitzetsi beharra daukaguan".
Atxilotze modua kritikatzen duen NaBairen mozioa errefusatu du Barañaingo Udalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu