Erreakzioak

Aurrekaririk gabeko gertakaritzat jo du Blairek, eta guztiak asetzen dituen konpromisoa dela adierazi du Ahernek

2005eko uztailaren 28a
19:10
Entzun
Tony Blair, Erresuma Batuko lehen ministroa

"AURREKARIRIK GABEKO AURRERAPAUSOA DA"

Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak ongietorri beroa egin dioIRAren iragarpenari. “Aurrerapauso handia izan da. Ongietorria ematen diot IRAren kanpaina armatuaalde batera uzteari eta horrek dakarren argitasunari. Beraiek posible egin dezakete gerra bakean bilakatzea. Gaurkoa izan daiteke eguna, itxaropen apurtuen ostean, bakeak gerraren lekua hartuko duena eta politika terrorismoaren ordez egongo dena".

Bertie Ahern, Irlandako Errepublikako lehen ministroa

"IRA-REN ERABAKIA HISTORIKOA DA ETA OHARRAREN EDUKIAK GUZTIEN NAHIAK ASETZEN DITU"

Tony Blairen antzera, Irlandako Errepublikako lehen ministro Bertie Ahernek ere gertakariei buruzko iritzia eman du. IRAren agiria historikotzat jo du eta gaineratu du oharraren edukiak Dublin zein Londresen nahiak asetzen dituela: “Adierazpenari dagokionez, bilatzen egon naizena eskaintzen du. Armak uztearen gaia jorratu dute eta IRA erakunde paramilitar gisa desagertzea ikusi nahi nuen”.Nabarmendu du emandako aurrerapausoak baikortasun eremuak irekitzen dituela Ipar Irlandako bake prozesuan, eta bi urtetik hona hondoraturik dagoen krisialditik ateratzen lagunduko duela.

Ian Paisley, DUP alderdi unionistako buruzagia

"EKINTZEN ARABERA EGINGO DUGU BALORAZIOA"

DUP alderdi unionistako buruzagia hotz agertu da hedabideen aurrean. Paisleyk adierazi du, talde armatuak hurrengo hilabeteetan egiten dituen ekintzen arabera jakinaraziko dituela bere aburuak. “Argitasun ezak gure komunitateak balorazioak egiteko behar duen denbora luzaarazten du. Mespretxuz erantzuten diegu euren hilketa kanpaina goraipatu eta justifikatzeko saiakerei”.

Mary McAeleese, Irlandako presidentea

"IRA-REN ADIERAZPENAK DENON ARTEKO KONFIANTZA ETA ULERMENA ERAIKITZEKO AUKERA EMATEN DU"

Mary McAeleese Irlandako presidenteak gaurko gertakariaren inguruko adierazpenak egin ditu eta gogoan izan ditu "Ipar Irlandako borroka armatuarekin bukatzeko hainbesteko esfortzuak egin dituzten guztiak".Gaineratu du, IRAren agiriak denen arteko konfiantza eta ulermena eraikitzeko aukera ematen duela.

Sean Brady, Armagheko artzapezpikua eta Irlandako eliza katolikoko burua

"BAKEA EKARRIKO DUEN EDOZEIN HITZ EDO EKINTZA ONGIETORRIA IZANGO DA"

Sean Brady Armagheko artzapezpiku eta Irlandako eliza katolikoko buruak adierazi du bakea ekarriko duen edozein hitz edo ekintza ongietorria izango dela.

Bradyk honakoa gaineratu du: "Espero dut, IRAk hartutako konpromisoaz gain, konfiantza eta ondokoen erantzun positiboak lortzera eramaten duen bidean lagunduko gaituela".

John Neill, Dublineko eliza protestanteko artzapezpikua

"IPAR IRLANDAKO BAKE PROZESUA AURRERA ERAMATEKOERANTZUNKIZUNA ERRESUMA BATUA ETA IRLANDAKO GOBERNUENGAN DAGO"

John Neill Dublineko eliza protestanteko artzapezpikuak poztasunez hartu du IRAk emandako aurrerapausoa, eta gaineratu du IRAko kideek ekimen politiko eta demokratikoetan parte hartzeko agindua jaso dutela, eta bide bakezaleak soilik erabiltzekoa.

Artzapezpikuak honakoa erantsi du: "IRArena eta unionistena bezalako talde paramilitarrak bateraezinak dira gizarte arrunt batean".

Horretaz gain, Ipar Irlandako bake prozesua aurrera ateratzearen konpromisoa Erresuma Batua eta Irlandako gobernuei egotzi die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.