'18/98 auziko' epaiketa

Auzipetuek hiru eguneko baraua hasiko dute gaur, PSOEri epaiketak eteteko eskatzeko

2006ko uztailaren 17a
16:59
Entzun
Iazko azarotik hona, eskubide zibil eta politikoen urraketak eta epaiketaren baldintzak salatzeko, elkarretaratzeak eta plantoak egin izan dituzte 18/98 auzian epaitzen ari diren auzipetuek. Gaur, urrats bat gehiago egingo dute norabide berean: Madrilen daudela, auzi saioek iraungo duten hiru egunetan, baraualdian izango dira 25 auzipetu. Helburua, Espainiako Gobernuari eta PSOEri soka bereko epaiketa guztiak eteteko eskatzea.

Gaur hainbat lekukok deklaratuko dute Xaki piezaren harira: batetik HB, EH eta Batasuneko kanpo harremanetan lanean aritutako kideek deklaratuko dute –Joseba Alvarez, Ester Agirre eta Jasone Manterola, besteak beste–, bideokonferentziaz euren lekukotza emango dute hiru euskal presok eta nazioarteko elkarteetako zein hainbat alderditako ordezkariak ere lekuko gisa arituko dira gaur: SOS Arrazakeria, Harresiak Apurtuz, Euskadi-Kuba eta Komite Internazionalistak taldeetako ordezkariak, esaterako.

"Zigorra"

Larunbatean Mikel Kortak eta Teresa Todak auzipetuen izenean hitz egin zuten eta azken bederatzi hilabeteak euren aurka dagoeneko ezarritako zigor modura bizi dituztela adierazi zuten Donostian eginiko agerraldian.

Epaiketaren baldintzak salatu zituzten, besteak beste; Madrilera joan-etorrietan dagoeneko 25.000 kilometro egin dituztela, ondorioz bi istripu pairatu dituztela, hainbat auzipetuk epaiketarekin lotura zuzena duten gaixotasunak izan dituztela eta Jokin Gorostidi auzipetuaren heriotza ekarri zituzten gogora.

Euren aurkako epaiketa ez dela auzipetuen eta epaimahaiaren arteko gatazka bat iritzi zioten. «Denok dakigu Auzitegi Nazionala zer den; TOP tribunal frankistaren jarraipena, errepresioari itxura sasi-juridikoa emateko, tortura babesteko eta euskal herritarrok geurea defendatzeagatik kartzelatzeko tresna». Ildo horretan, pozik agertu ziren epaiketak Auzitegi Nazionalaren «benetako aurpegia» kaleratzeko balio izan duelakoan. Auzitegia desagertu egin behar dela, eta hori alderdi sozialistaren esku dagoela nabarmendu zuten.

"Bateraezinak"

Hain zuzen, duela bi aste, PSNren eta PSE-EEren egoitzetara jo zuten auzipetuek, gutun bana uzteko. Epaiketa «bere burua demokratatzat duen edozein sistema politikotan onartezina» dela adierazi zieten sozialistei gutunean, baita eskubideak edozein testuinguru politikoren gainetik daudela ere. Beraz, horregatik bakarrik, euren aurkakoa eta soka bereko epaiketa politiko guztiak eten egin beharko lituzketela iritzi zioten, «ez datozelako bat demokraziarekin».

Halako auziak berez onartezinak direla uste izanda ere, «bateraezintzat» jo zituzten epaiketak eta «elkarrizketaren eta prozesu demokratiko baten bidez Euskal Herria eta estatuen arteko gatazka konpontzeko aukera zabaldu nahi den unea». 18/98 auzia eta soka bereko beste guztiak «irtenbide demokratiko batekin bateraezinak» direla azpimarratu zuten horrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.