Auzipetuen adierazpena

2010eko uztailaren 17a
19:43
Entzun
"Mila esker bihotz-bihotzez. Mila esker Udalbiltzako 22 auzipetuoi eta Udalbiltzari berari eman diguzuen indarragatik, babesagatik, elkartasunagatik. Mila esker bidegabekeria handi hau salatzen herrietan, udaletan, lantokietan, zuen eguneroko bizimodu eta jardueretan egiten ari zareten lanagatik. Izan ere, herria bera da Udalbiltza, eta Udalbiltza, herriarena da. Demokraziaren eta auzolanaren oinarri-oinarrizko ariketa. Horixe da Udalbiltza; horixe eta ez besterik.

Madrildik gatoz, Espainiako Auzitegi Nazionaletik. Burua tente gatoz; irribarrea ezpainetan. Harro gatoz, epaitegi arrotz batean gezurrez eta maltzurki jositako anabasa sumarial bati oso-oso ondo egiten ari garelako aurre. Udalbiltzak ez baitu inoiz izan ezer ezkutatzekorik. Kontrakoa: hasieratik, bere gorabehera eta arazo guztiekin ere, egin izan duen lan guztia, guztiz publikoa eta gardena izan da. Lan politiko instituzionala, azken batean. Eta horixe bera kontatu diegu epaileei eta fiskalei.

Absurdoaren antzeztoki batera eraman gaituzte, bai. Ez digu bat ere barregurarik ematen, ordea. Baina beraiei ere ez die bat ere barregurarik eman zehaztasun osoz entzuteak Udalbiltzaren jarduera nolakoa izan den. Euskal herritar guztien eta Euskal Herriaren beraren eskubide zibil eta politiko guztien defentsan eta aniztasunaren errespetuan egin dugula lana. Horixe esan diegu behin eta berriz. Herritarrek hautatutako ordezkari demokratikoen artean sortu eta garatu genuela Udalbiltza. Ez die graziarik egin. Demokrazia esplikatu diegu, geure esperientzia xumetik. Demokrazia azaldu diegu, epaiketa antidemokratikoa ageri-agerian utziz.

1999an ia 2.000 udal hautetsiren artean erabaki genuenean Euskal Herriko herrialde guztien udalen arteko instituzioa, Udalbiltza sortzea, bost printzipio nagusiren inguruan batu genituen gure indarrak eta borondateak.

1. Euskal Herria berezko nazioa dela eta euskal herritarrak eskubide guztien jabe direla aldarrikatzeko.

2. Euskal Herriaren egituraketa politikoa eta instituzionala bultzatzeko, lehen udal izaerako lehen instituzio nazionalean esparru erkide bat eratuz.

3. Euskal Herria nazio bezala eraikitzen sustapen lana egitea gizarte eragileekiko elkarlanean, hainbat arlotan; hala nola, hizkuntza, sozioekonomia, kultura, lurralde antolaketa edo eta giza eskubide zibil eta politikoen babesean.

4. Udalen arteko elkarlana bideratu herrialde guztietako udalen arteko lankidetza instituzionalaren bidez.

5. Europako eraikuntzan eta nazioartean, oro har, Euskal Herria nazio bezala eskubidedun subjektu bezala aldarrikatzea, nazioarteko zuzenbideak ezartzen dituen arauen arabera.

Harrezkero pasatu diren urte guztietan ere, Udalbiltzaren batzar nazional guztietan, lehenengo zeregina printzipio nagusi horien berrespena izan zen, eta hori guztia aurrera eramateko lan ildoak eta proiektuak eraman ditugu aurrera. Ez beste ezer.

Euskal Herria bada nor, nazio bat gara, eta auzolan instituzionalaren bidez ere geure burua definitu, aztertu, landu, babestu, garatu nahi izan dugu Udalbiltzan. Eta hori, eskubide bat da: munduko edozein herrik daukan berezko eskubidea. Bere instituzioak modu demokratikoan sortu eta garatzeko eskubidea.

Epaiketa hau eginez, ordezkaritza demokratikorako eskubidea kriminalizatuz, Espainiako Estatua erakusten ari da oso-oso kalitate eskaseko materialaz daukala eraikita bere demokrazia.

Politikaz hitz egiten ari gara epaiketa penal batean. Demokratikoki aukeratutako ordezkari modura egindako lan instituzionalagatik 10 eta 23 urte bitarteko kartzela zigorren mehatxua dugu gainean.

Eta hori ozen salatu behar da: estatu totalitario baten jokabidea da hau. Tankerik gabe, bai, baina tortura sistematikoa, debekuak, ilegalizazioak, epaiketa politikoak eta giza eskubide zibil eta politikoen urraketa zabala erabilita sostengatzen du bere erregimena Espainiako Estatuak Euskal Herrian. Gaueko sirenarik ez dute jotzen, baina hau salbuespen egoera da.

Baina, nahikoa da. Eta hori ez diogu guk bakarrik. Gu, azken batean, epaitegi politiko bateko loteria makabroak ipini gaitu auzi honetako bankiloan. Udalbiltza bera aske izan behar dela, absoluzioa dela epai posible bakarra, eta instituzio demokratikoak sortu eta garatzeko eskubidea errespetatu egin behar dela, hori diogu, ez bakarrik guk.

Azken hilabete luze eta intentsoetan, horixe bera adierazi dute Euskal Herriko jendartearen gehiengoak eta bere ordezkariek.

- 2.000tik gora udal hautetsi eta hautetsi ohik sinatu dute Udalbiltzaren kontrako auzia salatzen duen manifestua. Testu hori iritsi da jada Europako Parlamentura. Aste honetan bertan, 12 parlamentariz osatutako taldeak galdera luzatu dute bertan, auzi honen gainean azalpenak eskatuz eta epaiketa egiteak dakarren eskubide urraketa nabarmenduz. Testu hori bera iritsiko da Nazio Batuen Erakundera ere.

- Gasteizko Legebiltzarrak berak onartu zuen duela urte eta erdi ez-legezko proposamena zentzu berean.

- Jada Euskal Herriko 50 bat udaletan eztabaidatu eta onartu da Udalbiltza auzia salatzen duen mozioa. Mozio horren onarpena bideratu dute askotariko indar politikoetako udal ordezkariek: hautetsi independienteek, EAk, ezker abertzaleko hautetsiek, EAJk, Hamaikabatek, Aralarrek, Alternatibak eta Ezker Batuak. Hurrengo aste eta hilabeteetan beste hainbat udalerritan eztabaidatuko da mozio hori, baita Ipar Euskal Herriko herriko etxeetan ere.

- Ekainaren erdialdetik hona, jada kontaezinak diren elkarretaratzeak eta salaketa ekimenak egin dira, Euskal Herri osoan. Zaraitzu bailaratik hasita, Muskizeraino, Tafallan eta Trebiñon, Hazparnen zein Zumaian. Kostatik mendialderaino, Euskal Herri berdean, eta Euskal Herri marroi-horixkan. Hori guztia, Bai Udalbiltzari Sarea osotu duzuen udal hautetsi eta hautetsi ohi guztion artean egiten ari zareten lan zoragarriari esker izan da. Txalo bat, bihotzetik.

- Udalbiltzarekiko Babes Taldeak sortzen eta aurkezten ari dira, hiriburuetan eta herri txikietan… Askotariko herritarrak batzen ari dira talde horietan. Eta benetan dizuegu: hori, gauza handia da. Batzen gaituena indartzen ari zaretelako. Eta horixe da bidea. Eredugarria da egiten ari zareten lana.

- Euskal Herri osoko 52 gizarte eragilek egin dute bat Udalbiltza auzia salatzen duen manifestuarekin. Denetarik dago:

- Euskal Herriko Laborantza Ganbara.

- Sindikatuak:

- ELA.

- LAB.

- ESK.

- Hiru.

- EHNE.

- EILAS.

- Gizarte mugimenduak:

- Lokarri.

- Bilgune Feminista.

- Giza Eskubideen Behatokia.

- Emakume Internazionalistak.

- Komite Internazionalistak.

- Adierazi EH.

- GITE-IPES.

- Torturaren Aurkako Taldea.

- Bai Euskal Herriari.

- Topagunea.

- Plazandreok.

- Ipar Hegoa.

- EHGAM.

- Elkartzen.

- Askapena.

- Eskubideak.

- Orreaga.

- Zumalabe.

- Aztiker.

- Lau Haizetara Gogoan.

- Sasoia erretiratuen elkartea.

- Gure Liburuak.

- Txalaparta.

- Eskubideak abokatu elkartea.

- Sasoia jubilatuen elkartea.

- Gaindegia.

- Gazte erakundeak:

- Gazte Abertzaleak.

- Iratzarri.

- EGI.

- Kirol arloko eragileak:

- ESAIT.

- Ikaspilota.

- Wu Shu-Kung Fu federazioa.

- Euskara arloko eragileak:

- Kontseilua.

- Hizkuntza Eskubideen Behatokia.

- Euskal Herrian Euskaraz.

- Euskara elkarteen federazioa, Topagunea.

- Eukal Herriak Bere Eskola.

- Udalerri euskaldunen mankomunitatea, Uema.

- Dindaia fundazioa.

- BERRIA egunkaria.

- Hezkuntza arloko eragileak:

- Sortzen Ikasbatuaz.

- Ikastolen Elkartea.

- Ikasle Abertzaleak.

- Euskal Herriak Bere Eskola, EHBE.

- Hik Hasi.

- Oraintsu, pasa den astelehenean bertan, Udalbiltza Elkartasuna izeneko ekimena aurkeztu zuten arlo ezberdinetako Euskal Herriko 33 pertsona esanguratsuk. Batzuk independentistak, beste batzuk ez, batzuk alderdi baten ordezkaritzan, beste batzuk ez, kultura eragileak batzuk, kirolariak beste batzuk. Udalbiltzarekin bat egin edo ez, elkartasun ekimenaren sustatzaileek bat egin zuten hau esaterakoan: "Testuinguru politiko jakin batean" abiatutako prozesamendua dela hau, eta auzi horien oinarrian "bultzada politiko nabarmena" egon zela. "2003an ginen, PP gobernuan, Aznar buru, eta bultzada politikoa nabarmena zen euskal gatazkari begira oro har garatutako jardun judizial zabalean, bereziki Auzitegi Nazionaletik. Herentzia horren anakronismoa are nabarmenago gelditzen da espediente judizial honetan" esan zuten. Absoluzioa eskatu zuten euren pluraltasunetik.

- Elkartasun eta salaketa olatuak, gainera, Euskal Herritik kanpo ere jaio dira. Katalunian, hainbat udaletan onartu da jada Udalbiltza auzia salatzen duen mozioa. Hango alderdi nazionalista guztiek eta kasu batzuetan Partit Socialistako hautetsiek ere onartu izan dituzte mozioak.

- Madrilen, berriz, auzipetuon bihotzetan betirako txoko bat izango duten pertsonak ezagutu ditugu. Babes Taldea eratu duten pertsonek epaiketa egun zail hauetan gauza guztietan lagundu gaituzte, gure anai-arrebak balira bezala. Eskubideen aldeko ekintzaileak dira, herrien arteko elkartasunaren suzia biztuta mantentzen duten madrildar errepublikarrak. Gure eskerrona eta maitasuna, betirako izango dute.

Ez, ez gaude bakarrik. Oso-oso argi geratzen ari da iritzi publikoaren gehiengo zabal bat dela uste duena epaiketa hau ez zela egin ere egin behar. Lan instituzional demokratikoa pakean eta lasai egitea oinarri-oinarrizko kontua dela, eta ez delitua. iritzi hori erakusten jarraitu behar dugu. Indarrak batzen jarraitu behar dugu. Gaur hemen egin dugun bezala.

Udalbiltza ez dago bakarrik. Euskal Herria ez dago bakarrik. Inoiz ez da bidea erraza izan euskaldunontzat. Gure etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabaki ahal izatea, geure instituzioak sortu eta garatu ahal izatea, horixe besterik ez dugu eskatzen. Horixe baino ez. Horixe guztia. Jarraitu dezagun hori lortzeko bideak zabaltzen. Elkartuz, biltzen gaituena indartuz, horrelaxe lortuko dugu.

GORA ETA BIZI EUSKAL HERRIA!

Gaur, alai amaitu nahi dugu. Izan ere, Madrilen trantze gogorretik pasatzen ari garen arren, oso momentu gozoak ere igarotzen ari gara; auzipetuon artean, guztion senide eta lagunekin, elkartasuna adieraztera Euskal Herritik joandako guztiekin, Madrilgo babes taldeko jende zoragarriarekin… Gezurra badirudi ere, pozik gaude. Indartsu gaude, zuei guztioi esker. Eta indar horrekin joango gara berriro ere Madrilera datorren ostegunean. Harro eta umoretsu. Gaurko ekitaldia ere horrelaxe amaitu nahi dugu. Esne Beltza taldekoek duela hilabete eskas egin diguten opari benetan eder batekin: Aurrera Udalbiltza kanta.

Mila esker guztioi, Udalbiltza aske!"

2010eko uztailaren 17an, Bilbon, Udalbiltzako auzipetuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.