Ondorengo ordenean deklaratu dute Udalbiltzako auzipetuek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren aurrean: 11:26-14:14 artean lehen bostek eta 16:37-19:49 artean beste sei lagunek -bederatzi falta dira; bihar deklaratuko dute-. Ez dituzte fiskalaren eta Dignidad y Justicia herri akusazioaren galderak erantzun; defentsarenak baino ez.
Karmele Urbistondo (Urnietako zinegotzi ohia). Administrari laguntzaile gisa aritu zela Udalbiltzan lanean. Ez zela ETAkoa eta Ekinekoa, eta Udalbiltza ez dela ETA edo Ekinen menpe aritu.
Leire Idoiaga (Udalbiltzako langile ohia). Ez zela ETAkoa, Ekinekoa eta KASekoa. Kontabilitatea eramatera mugatzen zela, eta askotan etxetik egiten zuela lana. Udalbiltzaren diru iturriak instituzio publikoak zirela. Besteak beste, Zuberoa laguntzea zela helburua, eta horretarako biltzen zutela dirua. Udalbiltzak kontratatu zuenean, ez ziotela ezker abertzalekoa zen edo ETAren alde zegoen edo antzekorik galdetu; prestakuntzagatik eta euskalduna delako kontratatu zutela.
Oskar Goñi (Berako zinegotzi ohia). Udalbiltzan ez zela ETA edo Ekinen aginduz sartu. EHNA adierazpen dokumentu bat dela, herritar bakoitzak bere borondatez egiten duela, naziotasun eskubidean oinarrituta. Udalbiltzak ez duela inoren aurka egiten, bakea, hitza eta errespetua oinarri hartuta egin duela euskal naziotasunaren aldeko lana.
Txema Jurado (Atarrabiako zinegotzi ohia). Atarrabiako zinegotzi gisa Udalbiltzaren batzar batzuetan parte hartu zuela, ETAk ez ziola agindurik eman han edo herri plataforman aritzeko. Udalbiltzak ez zuela alderdi edo hauteskunde proiektuekin zerikusirik.
Lander Etxebarria (Bilboko zinegotzi ohia). Udalbiltzan bertako batzarreko kideek hartzen zituztela erabakiak, ETAren edo Ekinen proposamenik sekula ez zela batzorde eragilera iritsi. Euskal Herriko udal erakundea ez zutela ezker abertzaleko kideek soilik sortu, EA eta EAJkoak ere bazirela, eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea bera ere joan zela Euskalduna Jauregian egindako sorrera ekitaldira. Udalbiltzak euskal gizartean ilusioa sortu zuela. Ez zutela udal eta foru hauteskundeetarako plataformak sortzeko lanik egin.
Eider Casanova (Barakaldoko zinegotzi ohia). Udalbiltzan ez ETAk eta ez Ekinek ez ziela sekula inolako agindurik eman edo irizpiderik ezarri. Bera ez dela inoiz bi erakunde horien bileretan izan. Kultura batzordean aritu zela Udalbiltzan, eta hor kulturarekiko kezka zuten pertsonak bildu zirela. Barakaldoko herri plataforma sortzen lagundu zuela berak, baina herriko lan horretara mugatu zela. Etxean herri plataformak sortzeari buruzko paperak zituela, baina horiek edonork izan zitzakeela, publikoak zirelako eta Interneten zeudelako.
Loren Arkotxa (Udalbiltzako lehendakari eta Ondarroako alkate ohia). Udalbiltza Euskal Herriaren beharrari erantzuteko sortu zela, txikia baina herria dela Euskal Herria, bi estatutan banatuta dagoena -"bai, hori badakigu denok, agerikoa da", erantzun dio Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak-. Udalbiltza hautetsiek osatu zutela, ezin zuela hautetsi ez zen inork parte hartu. Besteak beste, EAJ, EA, EH eta ABko hautetsiek sortu zutela erakundea, eta euskal nazioaren aldeko lana egitea, kultura, ongizatea, ekonomia sustatzeko sarea sortzea eta bakegintzaren alde lan egitea izan zirela sorrerako irizpideak. 'Udalbiltza-Kursaal' erakunderik ez dela existitzen. "Udalbiltza bat da, bakarra: Udalbiltza".
Miren Josu Aranburu (Urretxuko zinegotzi ohia). Udalbiltzaren biltzar batzuetan parte hartu zuela, baina ez zela bestelako organuetan aritu.
Xabier Alegria (Lezoko zinegotzi ohia). Herritarrek hautatuta akusatuen aulkian egon izana demokraziaren aurkakoa dela eta ez duela akusaziorik eta galderarik onartzen. Lezoko alkateak eskatu ziola Zuzendaritza Batzordean bere ordez aritzea, eta onartu egin zuela. Euskara arduradun aritu zela. Gezurra dela berak -fiskalak dioen bezala- "2001ean Udalbiltza berri bat, Udalbiltza-Kursaal" sortu zuela esatea, eta ezinezkoa ere badela, orduan kartzelan zutelako. Ondorioz, fiskalaren akusazioak zentzugabeak direla. Hautetsi ez zenean ere aritu zela Udalbiltzan lanean, baina esperientziagatik hartu zutela horretarako. ETAk eta Ekinek ez zutela Udalbiltzan inolako agindurik eman. Guardia Zibilak inkomunikazio aldian torturatu egin zuela, eta azkenean haiek nahi zutena esan zuela -Egunkaria-ren aurkako operazioan atzeman zuten Alegria, 2003ko otsailaren 20an, eta preso sartu; Udalbiltzaren operazioa izan zenean preso zeukaten-.
Joseba Garmendia (Urretxuko zinegotzi ohia). Udalbiltzan gizartea eta ekonomia batzordean aritu zela, eta Tolosako alkate jeltzalearekin batera jardun zuela. Zuberoa Garatzen proiektua abiatu zutela, herrialde hori ekonomikoki larri zebilelako, gazteria bertatik joaten ari zelako eta gainbeherak geldiezina zirudielako; ondorioz, egoerari buelta emateko asmoz, plangintza bat egin zutela. Zuberoako erakundeek esan zietela ez zutela flolklorerik behar, laguntza erreala behar zutela baizik, 600 lanpostu sortzea ezinbestekoa zela. Proiektu hori laguntzeko jendeak dirua ematen zuela eta diru emaileak izen-abizenekin kontrolatuta zituela Udalbiltzak; beraz, ezinezkoa zela ETAk hor parte hartzea.
Imanol Esnaola (Lezoko zinegotzi ohia). Lezoko zinegotzia izan zela, Udalbiltzaren sorrera garaian parte hartu zuela, eta gero lanpostua eman ziotela, baina hasi orduko operazioa izan zela -2003ko apirilean izan zen-; ez zela lanpostu haren lehen nomina kobratzera ere iritsi. Ezinezkoa dela bera 2003ko urtarrilean koordinatzaile gisa egotea bilera batean, akusazioak dioen bezala.
Auzipetuen deklarazioen laburpenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu