Ondorengo ordenean deklaratu dute gaur Udalbiltzako zortzi auzipetuk Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren aurrean, 10:16-13:51 artean. Ez dituzte fiskalaren eta Dignidad y Justicia herri akusazioaren galderak erantzun; defentsarenak baino ez. Atzo 11 auzipetuk deklaratu zuten (hemen laburpenak).
Xabier Iragorri (Oiartzungo alkate ohia). Udalbiltzako Partzuergoko eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoko lehendakari izan zela. Partzuergoaren sorrera, adibidez, erabat publikoa, legala eta garbia izan zela, inork ez zuela horren aurka egin. Helegite batzuk egon ziren arren, udalek bazutela Partzuergoari laguntza emateko ahalmena, Kontuetarako Euskal Auzitegiak arrazoia eman ziola Udalbiltzari. Udalen fondoen bidez Kuba, Nikaragua, Sahara eta beste hainbat herri lagundu izan dituztela. Baina badela kontraesana: Udalbiltzak ezin duela lagundu Zuberoa, baina bai, adibidez, Kuba. Elkartasuna dela funtsa; 'elkartasuna', esaten horren erraza den hitz hori eta egiten horren zaila dena.
Expe Iriarte (Iruñeko zinegotzi ohia). Bera ere ez dela ETAko eta Ekineko kidea. Irakaslea dela eta bere pasioa hezkuntza, euskara eta kultura direla. Udalbiltzan euskarari buruzko diagnosia egin zuela, eta gero hezkuntza alorrean jardun zuela. Udalbiltza ezin dela "gobernu paralelo" gisa hartu.
Jasone Astibia (Zubietako zinegotzi ohia). Udalbiltzako kultura batzordean aritu zela. Egoerari buruzko diagnosia egin eta kultura sustatzea zela helburu, eta ez zela ETAren aginduz aritu bertan. Udalbiltzaren oinarriak beti berak izan direla. Berak ez zuela Udalbiltzan ministeriorik ikusi, lan taldeak baizik.
Urko Irastorza (Lazkaoko zinegotzi ohia). Kultura batzordean aritu zela Udalbiltzan, eta batzorde horretan kirolari buruzko udal politikei buruz hausnartzen zutela. Ez ETAk eta ez Ekinek ez zutela inolako agindurik ematen edo irizpiderik zehazten.
Maribi Ugarteburu (Amorotoko alkate ohia). Amorotoko udaletxean alkate batzuek sinatutako gutuna jaso zutela Udalbiltzaren sorrera biltzarrera joateko gonbidapenarekin, gaia udalbatzarrean aztertu zutela eta biltzarrera joatea erabaki zutela. Bera, Amorotoko hautetsi guztiak bezala, independentea zela, alderdi politiko bati lotua egon gabe. Beraz, Udalbiltza ez zutela ezker abertzaleko kideek soilik osatzen. Udalbiltza sekula ez dela ideologia bati mugatua egon; areago, pluraltasunari eusten sutsu saiatzen zirela eta sigla politikoen mugak gaindituta lan egitea zela euren bokazioa. Udalbiltzak egiten zuen lana aldizkari batean biltzen zutela, eta aldizkari hori Euskal Herri osoko hautetsi guztiei bidaltzen zietela; alderdi sozialistakoei eta PPkoei ere ematen zietela Udalbiltzaren berri. Ondorioz, erabat gardena eta publikoa izan dela beti Udalbiltzaren lana. Irizpide demokratikoak oinarri hartuta egin izan dutela beharra. Eskubide zibil eta politiko guztien alde egitea, udalen arteko elkarlana sustatzea eta Euskal Herriaren alde egitea zituztela helburu. "Udalbiltza-Kursaal" ez dela existitzen. Euren helburua ez zela ordenu konstituzionala aldatzea; ezinezkoa zelako hori, eurek ezin zutelako halakorik egin. Ez zutela 2003ko udal eta foru hauteskundeetako plataformak sortzeko lanik egin. Batasuna berrosatu nahi zutela esatea ere zentzugabea dela.
Juan Carlos Alduntzin (Pasaiako alkate ohia). Udalbiltzaren sorrerako Euskaldunako biltzarra egin aurretik, Iruñean Carlos III.ean alkateak bildu eta eurek erabaki zutela sorrera biltzarra deitzea. Gero Udalbiltzan lurralde antolaketarako batzordean aritu zela, aurretik Pasaian Hirigintza zinegotzi izan zelako. Udalbiltzako batzorde horretan Jon Jauregiren (EAJ) zuzendaritzapean aritu zela. Udalbiltzak ez duela inoiz AHTaren aurkako plataformarik sortu, Udalbiltzari hori egozteak akusazioen zorroztasun falta erakusten duela eta gezurra dela; berak ez duela inoiz AHTaren aurkako plataforman parte hartu eta horko kideekin ez dela bildu.
Miren Odriozola (Azpeitiko zinegotzi ohia). Euskaldunako sorrera biltzarrera ez zela joan, gaixorik zelako. Azpeitiko alkateak (EAJ) Udalbiltzan parte hartzea proposatu ziela Udaleko hautetsi denei eta guztiek ontzat jo zutela. Bera urteetan atzerrian egona zela gobernuz kanpoko erakundeetan lan humanitarioak egiten, eta Udalbiltzaren batzarrak nazioarteko arduradun izendatu zuela. Ez zutela ETAk proposatuta hautatu. Europan eta mundu osoan nazioarteko hainbat kongresutan parte hartu zutela berak. Udalbiltzak giza eskubideei buruzko kezka zeukala, banakakoen zein kolektiboen giza eskubideen alde egiten zuela, eta bakea nola lortu ere kezka zuela. Hori guztia oinarri hartuta, autodeterminazio eskubidea defenditzen zuela. Giza eskubideen aldeko karta onartu zutela. Bera ere Ekinekoa edo ETAkoa sekula ez dela izan.
Ibon Arbulu (Bilboko zinegotzi ohia). Bilboko zinegotzia 1995-1999 artean izan zela, ez zuela Udalbiltzaren sorreran parte hartu, ez dela han sekula aritu eta ez duela inolako harremanik harekin. Ez dela inoiz ETAko eta Ekineko kide izan. Ondorioz, ez duela ulertzen nolatan dagoen auzi honetan. 2003an Bilboko hauteskunde plataformaren alde lan egin zuela onartu du, baina beste edozein herritarrek bezala egin zuela lan, ez zela Udalbiltzako kide.
Oharrak:
- Larraitz Sanzberro (Oiartzungo zinegotzi ohia). Ostegunean deklaratuko du, uztailaren 22an.
- Xarlo Etxezaharreta (Hazparneko hautetsi ohia). Ez da epaiketara azaldu, eta hura bilatu, atxilotu eta espetxeratzeko agindu du Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak.
- Miriam Campos (Udalbiltzako langile ohia). Epaimahaiak auzitik kanpo utzi zuen atzo, eta ez du epaituko. Izan ere, Campos 18/98 auzian epaitu eta zigortu egin zuten, eta epaimahaiak dio ezin dela berriro epaitu gauza beragatik -ETAko kidea izatea egozten zioten orain ere-.
Auzipetuen gaurko deklarazioen laburpenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu