Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin du Eusko Jaurlaritzaren galdeketa

2008ko irailaren 12a
12:58
Entzun
Edurne Begiristain

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Konstituzioaren aurkakotzat jo du Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an onartu zuen Galdeketaren Legea, eta horrenbestez, debekatu egin du Jaurlaritzak aurtengo urriaren 25ean egin nahi zuen kontsulta. Aho batez hartu zuten erabakia Auzitegiko epaileek, atzo iluntzean. Herri galdeketa Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela, eta Eusko Jaurlaritzak egin nahi duena erreferendum bat dela argudiatu du Auzitegiak galdeketa galarazteko.

Espainiako Gobernuak aurkeztu zuen kontsulta legearen aurkako helegitea (PPk ere bai), eta hark emandako argudioak babestu ditu Auzitegi Konstituzionalak, 34 orrialdeko ebazpenean. Konstituzionalak dio Jaurlaritzak egin nahi duen galdeketa loteslea ez izan arren, erreferendum bat dela, eta hori egiteko eskumena Espainiako Estatuak baino ez duela. Horren ildotik, Eusko Jaurlaritzari ere erantzun dio Auzitegi Konstituzionalak, esanez herri kontsultaren emaitzak eraginik ez duela izango adieraztea ez dela aitzaki nahikoa galdeketa hori baimentzeko.

Gernikako Estatutuak berak ere galdeketa egiteko Espainiako Gobernuaren baimena aurreikusten duela gogoratu dute Konstituzionaleko epaileek ebazpenean, eta, beraz, baimenik ez dagoenez, ezin dela inolako herri galdeketarik egin azpimarratu dute.

Bestetik, herri galdeketaren legeak Euskal Autonomia Erkidegoari subiranotasuna aitortzeak Konstituzioan kabidarik ez duela argudiatu du, eta erabaki eskubidea soil-soilik Espainiako nazioari dagokiola nabarmendu. Gainera, Konstituzionalak dio Jaurlaritzak egin nahi duen kontsultaren helburua EAEren eta Estatuaren artean «harreman eredu berria» lortzea dela, eta horretarako Konstituzioa erreformatu egin beharko litzatekeela gogoratu du. Halaber, Jaurlaritzak kontsultaren bitartez ireki nahi duen prozesuak EAEko herritarrei ez ezik, «Espainiako herritar guztiei» ere eragingo liekeela dio ebazpenak.

Horrez gainera, Auzitegi Konstituzionalak ez du ontzat jo Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak galdeketa legearen behin behineko etetea bertan behera uzteko egindako eskaera. Eusko Jaurlaritzak urriaren 25ean egin nahi zuen kontsulta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta irailaren 15a zuen hori deitzeko azkeneko eguna. Hori dela eta, Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak Konstituzionalari eskatu zioten ordurako hartu zezala erabakia, eta egin ezean, legearen etetea bertan behera utz zezala. Konstituzionalaren arabera, ordea, ez da behar etetearen inguruko erabaki hori hartzea, dagoeneko legeari buruzko epaia eman duelako.

Espainiako Gobernuaren helegitearen inguruan ez ezik, PPk aurkeztutako errekurtsoari ere erantzun dio Auzitegi Konstituzionalak, bigarren auto batean. Baina, bertan ez du PPk emandako argudioen gainean iritzirik plazaratzen, «desagertutzat» ematen duelako helegite hori aurkezteko zegoen arrazoia, alegia, kontsulta legea.

Ibilbide motza

Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an onartu zuen Galdeketa Legea. Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak 2007ko irailaren 28an aurkeztu zuen lege proposamena. Geroztik Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu nahi izan zuen, honek ezezkoa eman zion, eta horregatik eraman zuen proposamena bozkatzera Eusko Legebiltzarrera. Hark onartu eta bat sartu zuen helegitea Gobernuak, automatikoki etenda utzita. Ordutik Konstituzionalak bost hilabeteko epea zeukan erabakia hartzeko, eta atzo jakinarazi zuen hartutako erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.