Fiskalak helegitea jarri du aurreko astean Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez Anoetako Belodromoko ekitaldiagatik absolbitzea Auzitegi Nazionalak hartu zuen erabakiaren aurka. Fernando Garcia Nicolas, Angel Hurtado eta Julio de Diego izan ziren epaiketako epaileak —epaimahaiburua, aurrena—. Presoen argazkiak erakutsiz terrorismoa goratzea leporatzen zieten, baina epaileak esan zutenez "zalantza handiak" dituztela Otegi, Permach eta Alvarez izan ote ziren euskal presoen argazkiak erakustearen erantzuleak.
Fiskalak hemezortzina hilabeteko espetxe zigorra eta hamabina urteko inhabilitazioa eskatu zuen hiru auzipetuentzat. Ermuko Foroa herri akusaziok bosna urteko kartzela zigorra eta hogeina urteko inhabilitazioa. Desobedentzia, bilkura ilegalean parte hartzea eta badaezpadako neurriak haustea ere egotzi zieten.
Defentsak absoluzioa eskatu zuen. "Konponbide eta bake proposamena aurkeztea bazen helburua, beste aukerak baztertu beharrekoak dira. Mitin batean hizlariak ez du jakiten zer gertatuko den ekitaldi osoan", adierazi zuen Jone Goirizelaia abokatuak. Honek zioen egunkarietako artikuluetan eta telebistako bideoetan oinarritutako txostenak ezin direla izan froga perizial; "hori onartzea iruzur prozesala izango litzateke". Iñigo Iruin defentsa abokatuak azaldu zuen Anoetako pantailan hildako lagunen argazkiak-eta agertzean ustez izan ziren oihu gutxiak ezin direla lotu "apologia eta goratzearekin".
Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Otegi, Permach eta Alvarez absolbitzeko erabakiari helegitea jarri dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu