Azkarragak Espainiako Gobernuari prozesua ez hautsitzat emateko eskatu dio

2007ko urtarrilaren 2a
14:03
Entzun
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak Espainiako Gobernuari prozesua ez hautsitzat emateko eskatu dio, ustez ETAk Madrilen atentatua egin arren. "Elkarrizketaren eta negoziazioaren bidean" sinesten duela esan du Azkarragak, "indarkeria bukatzeko irtenbide bakarra delako".

Azkarateren ustez, bakea lortzea ez dagokie politikariei bakarrik

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du herritar denek hartu behar dutela parte prozesuan, "bakoitzaren ahotsa entzunaraziz". "Bakea eta normalizazio politikoa lortzea ez dagokigu politikarioi bakarrik". Azkaratek jakinarazi duenez, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak aste honetan Kontseilu Politikoaren bilera deituko du, Madrilgo atentatua eta gero neurriak hartzeko.

Erkorekak "elkarrizketa erabat mugatzea" nahi du

Josu Erkoreka Espainiako Kongesuan EAJren bozeramaileak esan du, Barajasko atentatuaren ondoren "elkarrizketa erabat mugatu" behar dela, baina "bide bat irekita" utzi behar dela, "tenperatura hartzeko inoiz ez direlako bideak itxi behar". "Kongresuko ebazpena salbatzeko moduan dago, baina une hauetan ezin da martxan jarri", EAJko kidearen ustez.

PPren ustez, Zapaterok ez du hautsitzat jo prozesua

"Atentatua eta gero Zapaterok izan duen erreakzioa ustekabea izan da, ez duelako prozesua hautsitzat eman", adierazi di Gabriel Elorriaga PPren komunikazio idazkariak. Haren ustez, estrategia horrek ETA indartu egiten du. PP "harro" dago orain arte izan duen "koherentziarekin", "alderdiaren diskurtsoa bera delako atentatuaren aurretik eta ondoren".

Elorza beldur da Gobernuak PPri segituko dion

Odon Elorza Donostiako alkatea (PSE-EE) beldur da atentatuaren ondoren "alderdi politikoen zatiketa" sortuko den eta Espainiako Gobernuak PPri segituko dion. Elorzak esan du su-etenarekin "ETAk hitza beteko zuen itxaropena" zeukala berak "eta ez zela hildakorik egongo edo tamaina honetako atentaturik, baina guztiok engainatu gaitu". Orain etorriko dena "oso konplikatua" izango da.

Duran Lleidak dio ezin dela prozesuaz hitz egin

Josep Antoni Duran Lleida CIUko kidearen ustez, "gaur ezin da prozesuaz hitz egin. Izan ere, prozesua elkarrizketan oinarritzen bada eta elkarrizketa ezin bada gauzatu, orduan puntu eta aparte". Dena dela, 'Itun Antiterrorista'-ren garaietara ezin dela itzuli esan du.

Llamazaresen ustez, "oso atzerapauso garrantzitsua" gertatu da

Gaspas Llamazares IUko koordinatzaile nagusiaren arabera, Madrilgo atentatuarekin "oso atzerapauso garrantzitsua" eman da eta Espainiako Kongresuak ETArekin hitz egiteko onartutako ebazpenaren "efektibitatea bertan behera" geratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.