Azkuna garaile da Bilbon, baina EB-Aralarren botoak beharko ditu

2007ko maiatzaren 28a
10:52
Entzun
Gotzon Hermosilla

AJ izan da, dudarik gabe, udal hauteskundeetako garailea Bilbon. Iñaki Azkuna buru duen zerrendak 64.000 boto lortu ditu, eta, gainera, duela lau urte EArekin batera joanda eskuratu zituen hamahiru zinegotziak lortu ditu berriro orain. Horrek esan nahi du bakarka joateak ez diela inolako kalterik ekarri jeltzaleei. Horren ifrentzua da EAren egoera: bakarrik joatearen apustuak ez du izan espero zuten emaitza, eta 4.000 boto inguru lortuta Bilboko Udaletik kanpo gelditu da alderdi abertzalea.

Hala ere, aurreko agintaldian bezala, beste alderdi baten sostengua beharko du Azkunak Bilboko udala arazorik gabe kudeatzeko. Izan ere, PSE-EEk zazpi zinegotzi lortu ditu, duela lau urte baino bi gehiago, eta Alderdi Popularrak beste zazpi, aurrekoan baino bat gutxiago, baina bien artean hamalau zinegotzi biltzen dituzte, EAJ-k baino bat gehiago.

Aurreko agintaldian, EB-Berdeen hiru zinegotzien sostengua izan zuen Azkunak. Orain, bi zinegotzi lortu ditu EB-Berdeek eta Aralarrek sortutako koalizioak.

EAE-ANV, BI ZINEGOTZI. EAE-ANVren Bilboko zerrenda balio gabe utzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta horrek isla izan du boto baliogabeen kopuruan. 12.859 boto baliogabe izan dira Bilbon, duela lau urte baino 1.800 inguru gehiago, nahiz eta abstentzioa handiagoa izan. Horrek esan nahi du, EAE-ANVren botoak baliogarriak izan balira, bi zinegotzi egokituko zitzaizkiokeela alderdi abertzaleari. Duela lau urte egoera berean egon zen Herria Aurrera plataforma, eta zinegotzi bat zegokion. EAEren bi zinegotziak EAJk eta PSE-EEk galduko zituzkeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.