Atzo iluntzean Azpeitiko (Gipuzkoa) ezker abertzaleko taldeko hautetsi independentistek (iazko udal hauteskundeetan EAE-ANVtik aurkeztu zirenek) herri mailako prentsaurrekoa eman zuten udaletxean, Inazio Uria enpresaburuaren hilketa dela medio (ETAk hil zuen han, Loiolan auzoan, tiroz), eta Iñaki Errazkin alkateak adierazi zuen 2007ko ekainean ezker abertzaleko taldeak, EAk eta Aralarrek Udalerako sinatu zuten "gobernu akordioaren printzipioak berretsi" egin dituztela hautetsi horiek. "Inoiz ez ditugu apurtu", zioen alkateak -agiri bat irakurri zuen-. "Herriaren aurrean eta Udalean hartutako konpromisoak eta ardurak betetzen jarraituko dugu Azpeitia berri baten alde". (uztarria.com eta urola-kostakohitza.info)
Hain justu, lehengo astean EAk eta Aralarrek udal gobernua utzi zuten, alkatearen taldeak Uriaren hilketaren aurrean "gaitzespen argirik ez" zuelako egin. Hala, ezker abertzaleko taldea bakarrik geratu da gobernuan (sei ordezkari; EAJk zortzi zinegotzi ditu, EAk bi, Aralarrek bat).
Uriaren "hilketaren" aurrean euren "nahigabea eta tristura benetakoa" dela esan zuen atzo alkateak. "Egun latz hauetan, momentu oro, Inazio Uriaren senide eta lagunek sufritu eta sufritzen ari direna presente izan dugu. Egunean bertan sendiari gure samina adierazi genion". Uztarria.com Azpeitiko webguneak dioenez, Iñaki Errazkin alkatea bera egon da Inazio Uriaren familiarekin.
Azkeneko aste honetan ezker abertzaleko taldeko zinegotziei "koldarkeriaz" jokatu izana egotzi dietela azaldu zuen atzo Errazkinek. "Hori ez da horrela. Egun hauek dolu egunak izan direnez, ez dugu nahi izan ika-mika politiko eta mediatikoan gauzak gehiago nahasterik".
Hautetsiek atzo udaletxean esan zutenez, "Euskal Herrian dagoen zurrunbilo ero honek ez garamatza inora". Eta, haien ustez, "urte gehiegi" dira "Euskal Herria sufrimenduan murgilduta dagoela".
Azpeitiko alkateak dio bere taldeak ez dituela udal gobernuko oinarriak hautsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu