"Inazio Uriaren hilketaren eta ondorengo egunetako gertaeren harira, Iñaki Errazkin, Leire Lazkano, Xanet Esnaola, Arantxa Isart, Haizkurgi Uzin eta Leire Ibarguren hautetsi independentistok zera adierazi nahi diogu Azpeitiko herriari:
1. Batzuek gure sentimenduak indargabetu nahi badituzte ere gure nahigabea eta tristura benetakoa da. Egun latz hauetan, momentu oro, Inazio Uriaren senide eta lagunek sufritu eta sufritzen ari direna oso presente dugu. Gaur duela astebete bezala gure lehenengo oroitzapena Inazio Uriaren senide eta lagunekin dago. Doakie hemendik gure dolumin eta elkartasunik beroena.
2. Egun latz hauetan koldarkeriaz jokatu eta ezkutatu egin garela aurpegiratu digute zenbaitek. Hori ez da horrela. Egunean bertan gure adierazpen politikoa egin eta sendiari gure samina adierazi genion. Egun hauek dolu egunak izan direnez, ez dugu nahi izan ika-mika politiko eta mediatikoan gauzak gehiago nahasterik.
3. Urte gehiegi dira gure herria, Euskal Herria, sufrimenduan murgildurik dagoela. Euskal Herrian dagoen zurrunbilo ero honek ez garamatza inora. Eskubide guztiak (norbanakoak zein kolektiboak) errespetatzea ahalbidetuko duen eszenatoki demokratikoa eraikitzea atzeraezinezko lehentasuna da.
4. Herriak konponbidea bilatzea eskatzen digu eta ardura politikoa daukagunon zeregina eta lehentasuna honek izan behar du. Ardura politikoz jokatu eta elkarrizketa bideak landuz, Euskal Herriaren hitza errespetatzea da ezinbesteko osagaia. Erantzunkizuna guztiona da, gurea ere bai.
5. Azkenik, 2007ko ekainean sinatu genuen gobernu akordioaren printzipioak berresten ditugu, inoiz apurtu ez ditugunak. Honela, gure esku dagoen heinean, herriaren aurrean eta Udalean hartutako konpromisoak eta ardurak betetzen jarraituko dugu Azpeitia berri baten alde".
Azpeitiko Udaleko ezker abertzaleko taldearen idatzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu