Edurne Brouard. Korrika 17ko koordinatzailea

«Bada Euskaltzaindiaren lana herri mugimenduak onartzeko garaia»

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Aspalditik dabiltza AEK-ko kideak datorren urteko Korrika prestatzen, ia-ia 16. ekitaldia bukatu zenetik. «Helmugara iritsi ostean ere lan egin behar izaten da», dio Edurne Brouard Korrikako koordinatzaileak. Korrika 17 hasteko lau hilabete eskas falta direla, oinarrizkoena lotuta dute.

17. Korrikarako zer itxaropen duzue?

Inoizko Korrikarik ederrena eta indartsuena egitea espero dugu. Parte-hartzea ere urtetik urtera gora doa, eta hala jarraituko duela sinetsita gaude. Garai hau, gainera, ona da indar erakustaldi bat egiteko. Bulebarra goitik behera beteko dugulauste dugu, Kursaaleraino.

Trebiñun hasi eta Donostian bukatu. Ibilbideak sinbolismorik al du?

Agerikoa den bezala, Korrikak nonbaiten hasi eta nonbaiten bukatu behar du. Egia esan Trebiñun hastearena udalak egindako eskaera baten ondorio da. Kontutan hartuta aurrekoa Gasteizen bukatu zela, Trebiñuk horretan egin zuen ahalegina eskertzeko leku egokia iruditu zaigu. Donostiari dagokionez, uste dugu Gipuzkoa izaten dela herrialderik ahaztuena. Behar du Korrikaren bukaera bat. Seguruenik euskaldun kopururik handiena daukan hiriburua izango da, baina erabileran ez gabiltza oso fin. Donostiarrei dei bat egiteko modua da.

Euskalakari baten adibidea jar zeniezadake?

Euskalakaria ni naiz, pentsatzen dut euskalakaria zu ere izango zarela, euskalakaria hura da. Zaila da pertsona bat identifikatzea. Guk diogu euskalakaria hizkuntzaren afera honetan jarrera positiboa eta aktiboa daukan euskaltzalea dela. Horregatik da euskalakaria, eta ez euskaltzalea huts-hutsik. Korrikaren inguruan milaka lagun biltzen dira horrelakoak. Batzuek euskara jakingo dute, besteek ikasi egin beharko dute, eta beste batzuek ez dute aukerarik izango, baina maitasun horretan beste pauso bat emango dute.

Korrika gero eta indartsuago dagoela esan daiteke?

Horrelako ekimenek bizitza luzea daukatenean gorako joera izaten dute hasieran, gero egonkortze garaia, eta, behin hori pasatuta, irautea lortzen badute, gora egiten jarraitzen dute. Gurean hala gertatu da. Lehen Euskal Herrian baino ez zen egiten, eta orain gure Korrika beste hainbat herrialdetan ere egiten da. Baina ez hori bakarrik, hainbeste herrik gu eredutzat hartuta, euren Korrika propioak egin dituzte. Azken batean, gu hazten goaz, eta herri honek planteatzen ditugun kontu berrietan babes osoa ematen digu.

Aurrera begira, formula baliagarria izango al da?

Nik uste dut baietz. Baditu, gainera, inoiz aldatu ez diren hiru ezaugarri. Batetik, euskararen eremu osoa hartzen dugula. Bestetik, eskuz-eskuz eraman behar den lekukoa dago, guztion parte-hartzea ordezkatuz. Eta hirugarrenik korrika egiten dugu, gure herriak ez daukalako astiro joateko astirik. Aurrerantzean ere hiru oinarri horiek izan beharko ditu Korrikak.

Euskaltzaindia omenduko duzue. Euskaldun askorentzat ez al da erakunde arrotza?

Euskara unibertsitatean egotea, euskarazko telebista bat baino gehiago ikusi ahal izatea, zientzia munduan lehen mailan euskaraz ibili ahal izatea: hori guztia euskara batua gabe ez litzateke posible. Euskaltzaindiak grina eta adorea izan zituen hizkuntzari oinarrizko corpus linguistiko bat emateko. Eta jakin izan du denon ondare diren euskalkiak mantentzen. Biak uztartzea oso zaila da, eta Euskaltzaindiari esker lortu dugu orekatzea. Guk uste genuen hori esateko garaia dela, baina ez instituzioetatik, herri mugimendutik baizik. Erakunde arrotza dela? Badu halako itxura, baina ez nuke esango errealitatea hori denik. Ikastolek antolatzen dituzten jaietan ohikoa da euskaltzainak eta euskaltzainburua ikustea. Ohikoa da Korrikan ikustea. Baina ez hori bakarrik, Bilboko jaietan Konpartsek eta denek erabiltzen dute.

Iazko Korrika bukatutakoan, jasotako salaketak tarteko direla hasi zineten honako hau prestatzen. Nola eragin dizue horrek?

Epaileak kasuari heldu dionerako, ildo nagusiak lotuta zeuden. Egia da momenturik konplikatuenean etorri dela kolpea, orain delako erabakitakoa gauzatzeko garaia. Eta duda barik kanpoko eraso horiek oztopatu egiten dute eguneroko lana. Baina guk aurrera jarraitzeko asmoa daukagu. Nik uste dut txarto kalkulatu dutela. Min emateko asmoz egin dute, baina guk buelta emango diogu, gure onerako izango da, eta gure herriak ohi den bezala oraindik indar gehiagorekin erantzungo dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.