Sadr City auzunean hiru bonba-auto lehertarazi zituzten atzo, ordu laurdeneko tartean, eta inbasioa hasi osteko eraso olde odoltsuenetakoa egin. Irakeko Gobernuak emandako azken datuen arabera, 202 dira hildakoak eta 252 zaurituak. Sunitei egotzi diete erasoa, eta Abu Hanifako mezkitara morteroak jaurtiz erantzun zuten xiitek. Etxeratze agindua ezarri zuten.
Barne Ministerioak atzo eman zituen datuen arabera, hiru bonba-auto zartarazi zituzten hamabost minutuko tartean. Merkatu batean leherrarazi zuten horietako bat. Eguerdia zen eta merkatua jendez gainezka zegoen. Une berean morteroak zartarazi zituzten. Gaur goizean egin duten hildako eta zaurituen zenbaketaren arabera, 202 dira zenduak eta 252 zaurituak. Sadr City auzo xiitan 2,5 milioi pertsona bizi dira.
Abdel Karim Khalaf Irakeko Barne Ministerioko eledunak eraso oldearen argibideak eman zituen: «Zortzi bonba-auto sartu dituzte auzoan eta horietatik lauk eztanda egin dute; Poliziak, baina, bat geldiarazi du eta gidaria atxilotu. Beste hiru autoak bilatzen ari gara». Khalaf jeneralak zehaztu zuen, halaber, dozena bat morterok ere eztanda egin zutela auzunean, bonba-autoak lehertu aurretik eta ostetik. Abu Hanifa mezkita sunitaren aurka morteroak jaurti zituzten ondoren xiitek eta gutxienez lagun bat hil eta zazpi zauritu zituzten.
ETXERATZEKO DEI MUGAGABEA. Erasoak gertatu eta berehala, segurtasun indarrek auzo xiita inguratu eta itxi zuten. Kaosaren erdian, jendea korrika ari zelarik, milizia armatu xiitetako gerrillariek tiroak bota zituzten airera, mendeku oihuen artean. Irakeko Gobernuak mugarik gabeko etxeratze agindua ezarri zuen.
Sadr Cityko atentatuak ez ziren, baina, atzo herrialdean gertatutako eraso bakarrak izan. Osasun Ministerioaren egoitzari eraso zioten ehun bat gerrillarik. Al Fahdel auzotik botatako morteroek gobernu egoitzatik hurbil egin zuten zart.
AEBetako armadak, bestetik, minibus batean zihoazen lau zibil hil zituen atzo goizean Sadr Cityn. Irakeko beste leku batzutan egondako indarkeria erasoetan, aldiz, hogei bat lagun hil zen. Mugarik Gabeko Emakumeak erakundearen arabera, 3.000 lagun hiltzen dira hilero Iraken. Urrian gutxienez 3.700 zibil hil zirela erasoetan salatu zuen herenegun Nazio Batuen Erakundeak.
Bagdadeko auzo xiitako sarraskian hildakoak 202 dira, azken zenbaketaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu