Baionako alkate Jean Grenetek eman dituen datuen arabera, guztira hamahiru ibilgailuri eman diete su atzo arratsetik Baionan eta inguruetan: lau autobusi eta sei autori Baionan eta beste hiru autori Bokalen (Lapurdi). Zenbait iturriren arabera, Bokalen eraso dioten autoetako bat Poliziarena da, eta, gainera, polizia etxe atarian zegoen, baina Baionako alkateak eta poliziaburuek ez dute hori baieztatu. Urriaren 27tik Frantziako Estatuan hiri handietako auzo behartsuetan izan diren erasoetatik bereizi nahi izan ditu Grenetek Baionakoak: Lapurdiko hiriburuan halako errebolta sortzeko bizi baldintzarik ez dela nabarmendu du, eta azken bi egunetako istiluen eragilea "gaizkile potentzial diren gazte talde bat" dela.
Jean Grenetek kazetarien aurrean egin duen agerraldian azaldu duenez, atzo iluntzean lau autobusi molotov koktelak jaurti zizkieten; horietako bat guztiz kiskali zen, baina beste hirurek kalte txikiagoak dituzte. Halaber, sei auto erre dituzte bart Baionako Grand Basque auzoan, eta beste hiru Bokalen. Grand Basque Zup auzoaren ondo-ondoan dago, hots, atzo lehen erasoak izan ziren gunean. Baionako auzo behartsuenetaoa da Zup eta etorkinen harrera gune urte askoan.
Bokaleko auto erreketei buruz informazio nahasiak daude. Hiru auto erre dituztela esatera mugatu da Grenet alkatea, baina zenbait iturriren arabera, gutxienez eraso egin dioten autoetako bat Poliziarena zen, eta, gainera, polizia etxe atarian zegoen. Euskadi Irratiak zabaldu duenez, ETBko kamera batek polizia etxearen aurkako erasoa litzatekeen horren irudiak hartu ditu. Nolanahi ere, Baionako poliziaburua Greneten alboan zen alkateak prentsaren aurrean egin duen agerraldian, eta ez du halakorik aipatu.
Greneten arabera, mimetismoz ari diren gaizkile potentzialak dira erasoen egileak
Baionako auzapezak gogor gaitzetsi ditu ekintza horiek guztiak, eta argi utzi nahi izan du urriaren 27tik Frantziako Estatuko hiri handietako auzo behartsuetan izan diren liskarretatik bereizi behar direla Baionakoak. Greneten arabera, "ulergaitzak" dira Frantziako beste hirietan gertatutakoak, baina "are eta ulergaitzagoak" Baionakoak. Izan ere, Baionan ez dela bizi baldintza eskaseko auzo behartsurik azpimarratu du, eta "mimetismoz" gertatu direla.
Ildo horretatik, erasoen egileak nortzuk diren badakitela esan du Grenetek: gazte talde bat dela adierazi du, "gaizkile potentzialak". Elkarren artean patrikako telefonoen bidez komunikatzen direla erantsi du, eta, ondorioz, oso azkar mugitzen direla.
Urriaren 27an hasi zen errebolta Paris inguruko auzo behartsuetan, eta harrezkero Frantziako Estatu osora hedatu da. Parisko Gobernuak erabaki larriak hartu ditu: larrialdi egoera ezarr zuen atzo Ministroen Kontseiluak eta etxeratzeko-agindua indarrean jartzeko eskumena eman zien prefetei. Zenbait hiritan aplikatu dute etxeratze-agindua, hala nola, Amiensen.
Frantziako Gobernuko iturrien arabera, neurri horien ondorioz bart baretu egin da errebolta, eta bezperako egunetan baino eraso guxiago izan dira. Hala ere, zenbait hiritan istilu gogorrak izan dira, aurreko egunetan baino bortitzagoak. Esate baterako, Tolosan (Okzitania) harriekin eta molotov koktelekin oldartu dira gazteak polizien aurka, eta Bordelen autobus bat lehertu egin da molotov koktel batekin su hartu ondoren
Baionan su eman diete hainbat ibilgailuri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu