"Bakea lortzeko" alderdi guzien arteko elkarrizketa mahaia eskatu du gaur Ezker Batuko koordinatzaile nagusi Javier Madrazok. Donostian egin du gaur agerraldia, bere alderdiko hainbat kide eta zerrendabururekin, tartean Arantxa Gonzalez Gipuzkoako Batzarretako kidea eta Antton Karrera legebiltzarkidea zirela. "Terrorismoen biktimei" eskainitako oroitarriaren alboan, Alderdi Ederren, egin du agerraldia, eta mahai hori aurten eratzea galdegiteaz gain, ETAri "baldintzarik gabe desagertzea" exijitu dio.
Elkarrizketaren alde egin du Madrazok, eta arazoei aterabidea bilatzeko "sentsibilitate eta ideologia guzien —bazterketarik gabe— arteko kontsentsu eta adostasuna" behar dela nabarmendu du.
"Terrorismoaren mehatxua bateraezina da bide politiko eta demokratikoekin, eta, beraz, guk proposatzen dugun elkarrizketa prozesuarekin", ohartarazi du.
Batasuna alderdiari ere zuzendu zaio, eta haren ideiak "soilik bide baketsu eta demokratikoen bitartez" defenda ditzala eskatu dio. Batasuna eta ezker abertzaleko beste talde batzuk legez kanporatuta edota hauteskundeetarako baliogabetuta daudela-eta Madrazok esan du haiek orain Eusko Legebiltzarrean ezin egoteak ez duela laguntzen "hurrengo legegintzaldian elkarrizketa demokratikorako prozesua bultzatzeko".
"Bakea lortzeko" alderdi guzien arteko elkarrizketa mahaia eskatu du Madrazok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu