Bakegintzaren inguruan mintzatu da Jose Maria Setien Donostiako gotzain ohia San Sebastian eguna dela-eta Donostiako Koruko Amaren basilikan izan den meza nagusian. Hain zuzen ere, "bake itxaropena" sortu dela aipatu du Setienek, eta alde guztiei eskatu die ahalegina egin dezatela helburu hori lortzeko; zehazki, "amore emateko gai" izan dezatela galdegin die: "Ez genuke ahantzi behar askatasunaren pluraltasuna errespetatu nahi badugu bakerako akordioaren zutabe gisa, akordio hori ez dela posible izango ez bagara gai zenbait amore-emate onartzeko desberdin direnak eta helburu desberdinak dituztenak akordio horretara irits daitezen", esan du.
Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainaren ordez Setienek eman du gaurko meza nagusia. Izan ere, Uriarte Erroman da gotzainek bost urtean behin Aita Santuarekin izaten duten batzarrean parte hartzeko.
Donostiako eta Gipuzkoako agintari nagusiak izan dira San Sebastian eguneko meza nagusian, hala nola, Odon Elorza Donostiako alkatea eta Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Euskal Herriko gatazka
Bakea lortzeko "amore emateko gai" izateko eskatu die Setienek alde guztiei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu