Balizko erosleen erretratua

2014ko martxoaren 7a
19:30
Entzun

Bi balizko erosle behintzat badira, besteak beste, Fagor Etxetresnetako Garagartzako (egosketa) eta Eskoriatzako (eltzeak) lantegientzat: Cevital eta Cata. Aljeriarra da bata, kataluniarra bestea. Baina zelako enpresak dira? Galderaz, dudaz, esperantzaz eta errezeloz beteta daude beharginak zein erakundeak. Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak ere ziurgabetasun hori bermatzeko premian jarri du fokua: «Ez du bi urterako proiektu bat izan behar», luzera begirakoa baizik, eskualdean enpleguari eta jarduera ekonomikoari eutsiko diona. Debagoienan zalantza nagusia da eroslea funts putre bat izango ote den. Cevitalekin eta Catarekin, ez dirudi arrisku hori dagoenik.

Issab Rebrab aberats aljeriarra da Cevital multinazionalaren presidentea eta sortzailea. 1944an Kabilian jaioa, Frantziatik independizatu berri zen garaiko Aljerian hasi zituen negozioak. 1968an kontulari bulego bat ireki zuen, eta 1971n metalurgia konpainia bateko akzioen %20 erostea gomendatu zion bezero batek. Pausoa eman zuen, eta orduan hasi zen Cevital eraikitzen: gaur egun, multinazionalaren zuzendaritzan dabiltza haren bost seme-alabak ere. Forbes aldizkariaren arabera, Aljeriako pertsonarik aberatsena da Rebrab, eta Afrikako aberatsenetan zazpigarrena, 2.300 milioi eurorekin. 

Cevital Afrika iparraldeko konpainia konglomeratu handienetako bat da, eta, jatorrian metalari lotutako jarduera bazuen ere, gaur egun guztiz dibertsifikatuta dago. Nazioarteko hedapen bizian dago, gainera. Multinazionalak 19 adar ditu energia energia arloan, autogintzan, banaketan, etxeko tresnetan eta elikagaien industrian. Besteak beste, Samsung markaren produktuak banatzen ditu Samha adarraren bitartez; Hyundai automozio markako produktuak ere banatzen ditu; eta Aljeriako Liberté egunkariaren jabea da.

Guztira, 13.000 langile inguru ditu Cevitalek, eta, 2012an, 2.500 milioi euroko negozio bolumena izan zuen. Konpainia nazioarteko hedapen prozesu batean sartuta dago 2012az geroztik, bereziki etxetresnen sektorean. Konpainiaren nazioartekotzea atzerrian erositako planten bidez egitea da Rebraren helburua, eta horretan ari dira. Joan den abenduan, esaterako, Asturiasko (Espainia) Ciaño aluminio planta erosi zuen Frantziako Oxxo Evolution adarraren bitartez. Bestalde, Valentzian (Herrialde Katalanak) ere logistika plataforma bat erosi zuen Aljerian ekoitzitako beira xaflatua esportatzeko.

Fagor Etxetresnen kasuan, Cevitalek Eskoriatzan eta Garagartzan 300 lanpostu sortzea proposatu du: horietako 240, zuzenean edo zeharka produkzioan, eta 60, banaketa eta komertzial lanetan. Luze gabe,berriz, 450 lanpostu sortzea jarri du helburu.

67 urteko eskarmentua

Beste balizko erosleak, Cata etxetresnak konpainiak, Bartzelonan du egoitza nagusia. 1947an sortu zen Torello herrian; gaur egun,  180 herrialdetan du presentzia, eta fabrika nagusiak Torellon, Sao Paulon (Brasil) eta Xiao Lanen (Txina) ditu. 500dik gora langile ditu fabriketan.

Sukaldeko kanpaiak, labeak, mikrouhin labeak, plakak, harraskak, iturriak, aireztatze sistemak, eta sukaldeko produktu osagarriak ekoizten ditu. Besteak beste, Brasilera, Erresuma Batura, Errusiara, Frantziara eta Indiara esportatzen ditu bere produktuak. Fakturazioaren %51 esportazioei esker lortu zuen 2012an. Bestalde, Gironan hiru Michelin izar dituen Can Roca jantokiko Roca anaiekin elkarlan proiektuak ditu Catak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.