BALKOITIK. Termometroa ote? (Irune Berro)

2007ko abenduaren 7a
11:32
Entzun
=bTermometroa ote?

Irune Berro=b

Azoka euskal kultura egoera onean den neurtzeko termometro ere badela esan dugu. Baina berriro ere duda egin dugu. Zeren zalantza egiten dugu bost egunean neur daitekeen herri baten kultur ekoizpena -are gutxiago, ekoizpen horren kalitatea-. Zeren ezbaian jartzen dugu euskal kultura liburugintzara eta diskogintzara muga daitekeen. Zeren duda egiten dugu azokara datozenek euskal literatura eta musika benetan atsegin duten. Euskal musikak eta literaturak betetzen dituen. Ezagutzen dituzten. Kontsumitzaile amorratuak diren. Edo kontrara, ez amorratzeko kontsumitzen duten. Hots, kontsumoaren atzapar zorrotzei ihes ezin eginda batzen diren Durangora. Edota euskaldun senari hutsik egin ezinda erosten dituzten liburu hura, beste hori eta hango diskoa. Ez ote duten jokatzen euskal kulturarekin kunplitzeko beharrari jarraituta. Euskaldun konprometituaren kontzientziari lasaitasuna emateko xedeari segika. Baina, beste behin ere, zalantzak harrapatu gaitu. Zeren susmoa dugu euskal liburugintzak eta diskogintzak halakoak ere behar dituztela: kulturari ekarpen xume eta txikia egitera datozenak Durangora, «herri honek hala behar duelako».

Eta burua dudaz bete zaigu. Eta galderaz. Joan Mari Torrealdaik egin ditu horietako asko, 30 urte liburugintzan liburuan, eta azokara ekarri ditugu, Durangon, galdera horiek, duda bihurtuta, inoiz baino denbora gehiago egiten baitute gure barruan... Honako hauek dira Torrealdairen galderak, gure dudak: Gehiegi produzitzen da euskaraz? Edo gutxiegi irakurtzen da? Zenbat publikatzen da euskaraz? Jaisten ari da? Zein da maila egokia? Egiazki zer da kontsumitzen dena? Eta erantzuteko galdera zailik bada, gure ustez, hauxe da hori: Euskaraz bakarrik bizi gaitezke? Euskaraz bakarrik irakurriz bizi gaitezke? Erantzuna dakienak altxa dezala eskua. Guk, beste behin ere, duda dugu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.