Asteartean egingo dute lehen saioa, baina maiatzaren 25etik, hauteskundeak egin zirenetik, «oso lanpetuta» ibili dira Euskal Herriko europarlamentariak. Taldeak osatzeko bilerak izan dituzte bereziki. «Errazagoa» izan da batzuentzat; sozialistentzat, kasu. «Gurean, internazional bereko alderdiak biltzen garenez, ez da aldaketa handirik egoten», dio Eider Gardiazabalek. Jeltzaleek ere aurreko legegintzaldietako talde berean jarraitzen dute, ALDE liberal eta demokraten taldean. Hor, baina, bai izan da eztabaidarik: bereziki, Espainiako UPD eta Ciutadans taldean onartu izanak EAJn eta Kataluniako CDCn sortu duen haserreagatik. «Legealdia oso luzea da, eta inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen», dio Izaskun Bilbaok, taldean jarraituko duten edo ez galdetuta. EH Bilduk, berriz, GUE-NGL ezkerreko taldera batu da, baina EAren «kide naturala» den ALE-Berdeak taldearekin «lehentasuneko harremanari» eutsiko dio. Juaristik ez du «arazorik» ikusten horretan. Are, koalizioaren interesentzako «positiboa» izan daitekeela dio.
Eta behin taldeak osatuta, heldu diote «lehen erronkari». Atzo babestu zuen Europako Batzordeak Jean-Claude Junckerren hautagaitza Batzordeko presidente izateko. Orain parlamentuari dagokio hori berrestea edo ez. Jeltzaleen taldeak ez du oraindik erabaki zer bozkatuko duen, baina Bilbaok iradoki du ez dutela oztoporik jarriko. «Gustukoa izan edo ez, hauteskundeak irabazi ditu eta batzordearen babesa jaso du. Ez litzateke ulertuko beste pertsona bat aukeratzea».
Iritzi berekoa da Gardiazabal. Azaldu du euren hautagaiak, Martin Schulzek, bozak «galdu» ostean ezin zutela besterik. «Babestu behar izan dugu ez dagoelako bestelako gehiengorik bil dezakeen inor». Hala ere, ez du babesa ziurtzat eman, ez behintzat talde sozialistako parlamentarien %100ean. «Nik behintzat programa aztertuko beharko dut lehenik».
Kritikoago azaldu da Juaristi. EH Bildukoak dio «aurreikusita» dagoela babesa. «Beti gertatzen da gauza bera: eskuinak, alderdi sozialistak eta liberalek kromoak aldatzen dituzte. Goi kargu guztiak lotuta daude aldez aurretik; gobernuek lotzen dituzte». Juaristirentzat hori ez da «batere dekratikoa». «Ez du laguntzen Europako instituzioak duten defizit demokratikoa konpontzen». Hala izanik ere, EH Bildukoak dio bere taldeak legebiltzarreko presidentetzarako hautagaia aurkeztuko duela, nahiz eta aukeratua izateko aukerarik ez izan: Pablo Iglesias Espainiako Podemos alderdi sortu berriko burua izango da euren hautagaia.
Juaristi eroso dago ezkerreko abertzaleek orain aukeratu duten taldearekin. EH Bilduko batzuek beste talde batzuetako alderdiekin aliantzak dituzten arren, ez du arazorik ikusten. Talde lana ez dela talde batera mugatu behar dio; badela talde ezberdinen arteko elkarlanerako tartea; talde sozialistakoak ez diren ezkerreko beste alderdiekin bereziki; eta baita estaturik gabeko nazioak ordezkatzen dituztenenekin ere. EAJrekin kolaboratzeko prestasun osoa agertu du, bereziki.
Jeltzaleak, «deseroso»
Jeltzaleak deserosoago daude liberal eta demokraten taldean, UPD eta Ciutadans batu zitzaienetik. Hala ere, ALDEko alderdiek sinatutako manifestu bati heltzen dio Bilbaok. Horren arabera, erabakitzeko eskubideari buruzko lantalde bat sortuko da taldearen barruan. «Euskadi bezalako errealitateak Europako arkitektura instituzionalean nola txertatu daitezken aztertzeko». Bilbaoren arabera, horrek erakusten du talde horrek borondatea duela gai horren inguruan. Baina, Jeltzaleen nahia zen Flandriako NV-A alderdiko subiranistak batzea ALDEra. Baina ez da hala izan. Hala ere, uste du horrek ez duela lantaldea ahultzen. «Gu gara talde bakarra horrelako lantalde bat duena», azpimarratu du. Polemika horren harira, halaber, taldea uzteko Kataluniako CIUko CDCko parlamentariak egin duen keinuarekin kezkatuta azaldu da Bilbao. Jeltzaleek ere taldea utz dezaketen galdetuta, ez du aukera baztertzen. «Luzea da legealdia».
Gardiazabalek ere «egoera zailean» ikusten du EAJ. «Badirudi liberalak lerratu egin direla UPDren tesietara». Nolanahi ere, PSE-EEkoak dio halako «kontraesanak» talde guztietan izaten direla. «Europako Parlamentuaren osaketa dela eta, oso zaila izaten da gehiengoak lortzea, baita taldeetan ere». «Akordio handien» garaia dela dio Gardiazabalek. «Legegintzaldi honetan Europa eta bere instituzioen etorkizuna dago jokoan. Euroeszpetikoak hori guztia suntsitzera etorri dira», ohartarazi du.