Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Baxar al-Assad Siriako presidenteari eskatu dio "laster eta hurrengo egunetan" erantzuteko Kofi Annan NBEk Siriara bidali duen ordezkariak egindako proposamenei.
Indarkeriarekin amaitzeko eskatu dio, baita laguntza humanitarioa sartzen uzteko eta oposizioarekin elkarrizketak hasteko ere. Horrela, Kofi Annan babesten duela berretsi du Ban Ki-moonek.
Horrez gain, Annanek Al-Assadekin "eztabaida argia eta osoa" izan zuela gogorarazi du. NBEko idazkari nagusiaren arabera, "Siriako Gobernuak porrot egin du bere herria defendatzerako orduan".