Zazpi atxilotuen kontrako salaketak ez dirudiela "gardena" uste du Uxue Barkosek, eta horrek "kezka" sortzen diola nabarmendu du, San Juan de Dios ospitale berriaren inaugurazioan, kazetariek galdetu diotenean.
Operazioaren arrazoiak argitzeko zain dagoela nabarmendu du, "gertatutakoari neurri zehatza hartzeko". "Justizia arloak eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ematen duten informazioaren zain gaude, kezkaz. Oraingoz isiltasuna besterik ez dago".
Adolfo Araiz EH Bilduko legebiltzarkidea Txintxillako polizia etxera joan da atxilotuei eta senitarteko eta lagunei babesa ematera. Atxiloketak "onartezinak" direla azpimarratu du, eta halako operazioak tortura "babestu" egiten dutela nabarmendu.
Nafarroako Legebiltzarrak torturaren kontra onartu zuen adierazpena berretsi egiten duela esan du legebiltzarkideak: "Espero dut gu ere ez gaituztela atxilotuko torturaren kontra egiteagatik". Operazioa "mendeku politikoa" dela esan du.
Gainera, atxiloketak egitea "zentzugabea" dela azpimarratu du. "Irainak" egitea egozten diete, eta Araizek azpimarratu du delitu horrengatik isuna baino ezin dakiekeela jarri; beraz, ez duela zentzurik sei lagun atxilotzeak. Alkatearekin egin duten bezala, atxilotuak deklaratzera deitzea nahikoa litzatekeela iradoki du.
Geroa Bai-k "neurrigabetzat" jo ditu atxiloketak: "Nahikoa zatekeen murala egitea leporatzen zaienei zitazio bat helarazearekin, ustezko delitu hauen kasuan egin ohi den bezala". Koalizioak "arbuio irmoa" adierazi du torturarekiko, eta gogorarazi Europako auzitegiek nahiz Amnistia Internazionalak torturak saihesteko neurriak har ditzala eskatu diola Espainiari.
Gazte Abertzaleek, berriz, "gogorki" salatu dituzte atxiloketak, "adierazpen askatasunaren aurkakoak" direlakoan. EAren gazte antolakundeak salatu du Espainiako Poliziak "bakegintzari hamaikagarren oztopoa" jarri diola.
Aralarrek ere "adierazpen askatasunaren kontrako erasotzat" jo ditu atxiloketak: "Alba Nafarroako gobernu delegatuak argi utzi du zein den bere demokraziaren ikuspegia. Torturaren kontrako mural baten aurrean muralaren egileak atxilotzea erabaki du, tortura salaketak ikertu beharrean".