Analisia (Martxelo Otamendi)

Barrenak aginduta

2017ko irailaren 9a
17:45
Entzun

Aspaldian itzalita zeukaten, baina, odol beroa edukitzea zer den, berriro piztu du Espainiako Gobernuak independentziazaleak sortzeko makina. Bi lan nagusi egiten ditu makina horrek: lehendik independentziazale direnak elikatu, eta kide berriak bildu independentziara.

Makina horrek mugarri dezente dauzka bere historia garaikidean; Espainiako Konstituzionalaren epaia Kataluniako Estatutua are gehiago murriztuz, Pascal Maragalli eragoztea lehendakari izatea bigarren aldiz Ferrazek Montilla ezarrita, Kataluniako Gobernuarekin adostasunik lortu nahi ez izatea… Denbora luzez eduki dute itzalita makina hori. 

Azkeneko lan entzutetsua lehenengo herri galdeketarekin egin zuten. Areyns de Munteko Udalak, CUPen proposamenez, independentziari buruzko herri galdeketa egitea onartu zuen. Berehala hasi zen fiskaltza mehatxuka, galdeketa hura ilegala zela eta udal agintariek zigorra jaso zezaketela. Azkenean, herritar talde batek antolatu zuen, baina udal galdeketen olatua sortu eta zabaldu zen Katalunia osoan. Zehaztapen bat, Arenys de Munteko galderan “… Europako Batasunaren barruan” irakur zitekeen.

Ondorio hori ikusita, Espainiako Gobernuak makina itzaltzea erabaki zuen. Mobiola dauka makina horrek; izan ere, tarteka, “Pujola enano, habla castellano (Pujol ipotxa, gaztelaniaz egizu hitz hotsa)” hura gogoratzera eramaten du herritar katalana, are gehiago suminduz.

Herritarrek oso gaizki ikusten dute Kataluniako Gobernuko eta Parlamentuko agintariak auzipetu eta, seguru, zigortzea. Oso gaizki irizten diote hori gertatzeari, baina jasanezina egiten zaie inprimategi batean sartzea, edo komunikabide baten egoitza kontrolatzea, gaur Valls herrian El Vallenc astekariarekin egin duten bezala. Erantzuna berehalakoa izan da: elkartasunezkoa, ausarta eta alaia, prozesua bera bezalaxe.

Egunotan, barrenak aginduta, berriro piztu dute Moncloan independentziazaleak sortzeko makina. Badakigu zer gertatu den historikoki Espainiako agintariekin muinak eta barrenak bat ez datozenean.

Baldarrak dira, gero!!!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.