Pernando Barrena Batasuneko eledunak esan du "su-etena hautsita dagoen batere adierazlerik ez" dagoela, ETAk ez duelako komunikaturik atera.
"Prozesu politikoa" ez dagoela hautsita iritzi dio Barrenak eta, gainera, "inoiz baino beharrezkoagoa da". Zentzu horretan, Batasunak Anoetako proposamena indarrean duela esan du. "Azkekeno bost urteetan ezker abertzalea eta Batasuna bera oso une latzetan egon izan direnean, interlokuzio politikoari eutsi egin izan diogu eta horrek ahalbidetu izan du bake prozesua".
Iraganeko errezetekin konponbiderik ez dagoela uste du Batasuneko kideak, "eskenatoki demokratikoa" lortu behar dela Euskal Herrian eta hurrengo egunetan alderdi politikoekin eta sindikatuekin bilerak egingo dituzte.
Joseba Alvarez Batasuneko kidearen ustez, "gauzak ez ditu errazten" larunbatean ustez ETAk Madrilen leherrarazitako furgoneta-bonbak. Egoera "kritikoa zela denok jakin arren, Madrilekoaren gisako atentatua ez genuen espero". Berretsi duenez, Batasunak "aurrera jarraitzeko" asmoa du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan berretsi duenez, "irailaz geroztik krisiaren kontzientzia zabaldua zegoen". Horri Iñaki de Juana presoaren egoera, atxiloketak eta legez kanporatzeekin jarraitzea batu behar zaizkio, Alvarezen iritzian.
Beraz, PSOEk "baldintzak sortzeko" eman behar zituen pausoak ez zituela eman salatu du, eta gogora ekarri du, Batasunak abenduan esan zuela egoera ez zela egokia. "Orain, hortik Madrilgoa bezalako atentatu batera... Hori ez zuen inork espero".
Nolanahi ere, Batasunak "aurrera egiteko" ahaleginetan jarraituko duela nabarmendu du Alvarezek.
"Orain guztiok dugu ardura, baina guztiok ez dugu ardura bera. PSOEk behin baino gehiago esan du prozesuaren buruzagia zela, hala izan da, eta horrek ekarri gaitu egoera honetara".
Bere iritzian, ETAri dagokio egin duena horrela zergatik egin duen azaltzea.
Barrenak dio su-etena hautsita dagoen "adierazlerik ez" dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu