Politika

Batasunak legalitatera bihurtzeko urratsak egin ezean ez dela alderdien mahairik izango ohartarazi du PSEk

2006ko abuztuaren 7a
17:22
Entzun
Txarli Prieto PSEren Arabako idazkari nagusiak argi utzi nahi izan du sozialisten aburuz aukera bakarra dagoela Batasunak joko politikoan parte hartzeko: "zuzenbide estatuaren exijentzietara egokitzea". Areago, alderdien mahai eratzeko Batasunak bide hori egitea ezinbestekoa dela adierazi du, eta "demokraziaren arauak" bete ezean ez dela mahaian izango. Ildo horretatik, Batasunarik gabe mahaiak ez duela zentzurik nabarmendu du.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan ditu horiek guztiak Prietok, eta urte amaierarako alderdien mahaia abian izango den galdetu diotenean, eratuko den ere zalantzan jarri du. "Ez dakit izango den. Alderdien mahaia eratu dadin gauza bat beharrezkoa da: Batasunak erabakitzea legalitatera bihurtzeko bidea egitea. Batasunak hori nahi ez badu, lantzen ez badu, zertarako behar dugu alderdien mahai bat? Gainerako alderdiek baditugu elkarrizketa eta eztabaida foroak: legebiltzarra, batzar nagusiak... Alderdien mahaia ez da indar demokratikook behar dugun zerbait, baizik eta ezker abertzaleak beahr duena ilegalizaziotik hauteskundeetara bitarteko trantsizio epea betetzeko. Osterantzean, Batasunak demokraziaren arauak ukatzen tematuta jarraitzen badu, zertarako behar dugu alderdien mahaia", adierazi du.

Arabako sozialisten buruak argi eta garbi utzi du Espainiako Alderdien Legea bertan behera uzteko asmorik ez dutela, eta legezko izateko "zuzenbide estatuaren exijentziak" bete beharko dituela Batasunak. "Batasunak nahi duena esango du, baita meza ere, baina ondo asko daki Euskadiko eta Espainiako bizitza politiko eta demokratikoan parte hartu nahi badu demokraziaren arauen araberako homologazioa eskuratu beharko duela, gainerako indar politikoek bezala. Zuzenbide Estatua ez da inoiz Batasunaren komenientziara egokituko; hori zentzugabea litzateke, ez dugu bide hau guztia egin horretara iristeko. Doi-doi alderantziz izango da.”

Alderdien mahaiaren auzira itzuliz, foro hori eratzekotan EAE Euskal Autonomi Erkidegoaren eremuan eratuko dela nabarmendu du Prietok. Areago, Nafarroak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekin duen harremana Valentziarekin (Herrialde Katalanak) izan dezakeenaren parekoa dela azpimarratu du.

Igandeko manifestazioa

Batasunak Euskal Herriak autodeterminazioa lelopean datorren iganderako deitu duen manifestazioa dela-eta sortu den eztabaidari dagokionez, Batasuneko kideek manifestazioak egiteko eskubidea dutela iritzi dio Prietok, "indarrean dagoen eskubidea" delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.