Ez da ezusterik izan. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Batasunaren, EHren eta HBren legez kanporatzea berretsi du. Beraz, ez ditu aintzat hartu Iñigo Iruin Batasuneko defentsaren abokatuak jarritako babes helegitearen argudioak, eta babesa eman dio Espainiako Auzitegi Gorenak iaz martxoaren 27an eman zuen ebazpenari. Horrenbestez, legez kanpo geratu dira, «Alderdien Legea urratzeagatik». Hala, Batasunari Estrasburgoko giza eskubideen auzitegira joatea baino ez zaio geratzen.
Erabakia atzo arratsaldean jakinarazi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Bertako informazio iturrien arabera, ebazpena aho batez onartu zuten auzia aztertu zuten 2. Salako sei magistratuek: Tomas Vivesek, Eugenio Gayk, Elisa Perez Verak, Pablo Cachonek, Guillermo Jimenezek eta Vicente Condek, hain zuzen.Auzitegi Konstituzionaleko iturriek jakinarazi zuten ebazpena atzo eman arren datorren astean jakinaraziko dituztela ebazpen horren argudioak. Eta magistratuek ez dutela ados jartzeko arazorik izan oinarrizko erabakian. «Argudioak xehetzen eman dute denbora magistratuek», adierazi zuten.Bestalde, gogoratu behar da Auzitegi Konstituzionalak erabakitzeko daukala SAren auzia. Izan ere, Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarrari SA desegiteko emandako agindua ebazteko du oraindik Auzitegi Konstituzionalak.
«Arrazoi juridikoa edo estatu arrazoia»
Espainiako Auzitegi Gorenean auzia amaitu zenean, Iñigo Iruin defentsako abokatuaren ustez, epaiketa joan zen bezala joanda, Batasuna legez kanpo uzteko arrazoi juridikorik ez zegoela nabarmen geratu zen, baina arrazoi juridikoak edo estatu arrazoia nagusituko zen izango zela gakoa iritzi zion.
Gorenak legez kanporatzea ebatzi ostean, nahitaez defentsak Auzitegi Kontituzionaleko bidea egin behar zuen Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegira iristeko. Hori zela eta, legez kanporatzearen berri izan ostean, babes helegitea jarri zuen defentsak Auzitegi Konstituzionalean. Hala, Batasunak atzo baieztatu zuen Estrasburgoko Justizia Auzitegira joko duela.
Defentsaren argudio nagusiak
Estrasburgoko Epaitegiaren jurisprudentzia izan zuen oinarri Iruinek jarritako helegiteak; eta horretan oinarrituta, Gorenak Batasuna legez kanporatzeko kaleratutako epaiak Espainiako Konstituzioa bera eta Europako Giza Eskubide eta Oinarrizko Askatasunen Ituna urratzen dituela argudiatu zuen.
Lehenik eta behin, Batasunaren helegiteak dio «epaitegi independinte eta inpartziala izateko eskubidea» urratu zitzaiela Gorenean egindako epaiketan. Izan ere, Batasunak dio Francisco Jose Hernando Goreneko presidenteak Alderdi Politikoen Legearen aldeko txostena egiten parte hartu zuela, CGPJko presidente gisa. Bestalde, epaiaren edukian sartuta, Batasunaren helegiteak dio babes judizial eraginkorrerako eskubidearen bi urraketa egin zituela Auzitegi Goreneko 61. Areto bereziak eta beste hainbat urraketa egin zitzaizkiola errugabetasun presuntzioari ere. Era berean, ideologia askatasuna, adierazpen askatasuna eta elkartzeko eskubidea urratuak izan zirela salatu zuen Iruinek. Batasunaren arabera, gainera, Auzitegi Gorenak «desitxuratu» egin zuen Estrasburgoko Auzitegiaren jurisprudentziak «indarkeria erabiltzera bultzatzeari» buruz esaten duena: «Ez duelako gogoan hartu Estrasburgoko Auzitegiak esaten duela indarkeria bultzatzea dela garbi babesa ematea, zuzenean horretarako deia egitea eta hura erabiltzeko eskatzea; eta ez dela isilik geratu eta ezer ez egitea».Azkenik, Batasuna legez kanporatzeko frogen ahuldadea aurkeztu zuen Iruinek.
BATASUNAREN ERREAKZIOA
«Espero genuen arren, eskandaluzkoa da»
Auzitegi Konstituzionalak Batasunaren legez kanporatzea berretsi zuela jakin bezain laster, Batasunak prentsa oharra helarazi zuen komunikabideetara. Gertatutakoaren lehen irakurketa egin zuen hor. «Konstituzionalaren erabakia, esperotakoa izanagatik ere, ez dio uzten eskandalagarria izateari; Aznarren gobernuak Batasuna legez kanporatzeko hartutako erabakia izenpetu egin baitu». Batasunaren arabera, Konstituzionalak «zintzo-zintzo» bete ditu Aznarren aginduak, «eta Europa osoan aurrekaririk ez duen arbitrarietate judizialari amaiera ematen lagundu du».
Batasunaren ilegalizazioa berretsi du Auzitegi Konstituzionalak
Batasunak jarritako babes helegitea atzera bota dute Konstituzionaleko 2. Salako sei magistratuek, eta Auzitegi Gorenaren erabakia babestu dute; Batasunak Estrasburgoko giza eskubideen auzitegira joko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu