Beatriz Etxebarriaren tortura testigantza

2011ko martxoaren 9a
18:45
Entzun
BEATRIZ ETXEBARRIA

· Atxiloketa data: 2011ko Martxoak 1.

· Gorpu poliziala: Guardia Zibila.

· Inkomunikazio epea: 5 egun.

· Epaitegia: Entzutegi Nazionaleko 3º Instrukzio Epaitegi Zentrala. Titularra, Fernando Grande Marlasca.

Atxiloketa eta miaketa

2011ko Martxoaren 1eko goizeko 4'00ak aldera atea txikitzen dute. Iletik oratzen naute eta airean saloira eramaten naute. Bularretakoarekin bakarrik nago eta ez didate uzten arroparik janzten miaketa osoan zehar. Saloian bortxaz menderatzen naute eta sofan nagoela eskuburdinak jartzen saiatzen dira. Haserretu egin ziren, txiki neuzkalako. Eta esaten didate eserita jarraitzen dudan bitartean “ya verás que 5 días vas a pasar”

Miaketan zehar Guardia Zibil asko zeuden. Ganbaran pixka bat mareatu nintzen. Besoetatik

oso fuerte heltzen ninduten, markak utzi zizkidaten. Sokazko lokarriak jarri zizkidaten eta

miaketak aurrera egin ahala gero eta gehiago estutzen dizkidate.

Etxetik ateratzerakoan mehatxatu egiten naute: nire bikoteari ez begiratu ez hitz egiteko

ere. Kotxea zegoen tokira eramaten naute eta miaketa ikustea debekatzen didate.

Bilboko epaitegiko auzimedikuarengana eramaten naute:

Ondo begiratzen naute, eskuburdinengatik markak ditut eskumuturretan, zainak handituak

nituen, eta urraduraren bat ere bai. Besoak gorri nituen, ni oratzeko zuten moduagatik, eta

uzkurtuak.

Bidaia :

Patrol batean sartzen naute. Begiak itxita eramatera behartzen ninduten eta bestela beraiek

estaltzen dizkidate eskuekin. Entzuten dut beste kotxe batekin topo egiteaz nola hitz egiten

duten. Gelditzen dira. “El Comisario” izena zuen Guardia Zibil bat nire bila dator eta beste

kotxera aldatzen gara. Oraingoa ez da patrol bat, kotxe normal bat da duen espazioa eta

sartzean duen altueragatik konturatzen naiz. Jada, beste kotxean, komisarioa belarrira

garrasika hasten zait eta mehatxuka hasten da: “Soy militar y estoy entrenado para matar”.

Esaten dit bi aukera ditudala: hasieratik hitz egiten hastea, ala ez. Poltsa bat ateratzen

dutela nabaritzen dut eta eskuen gainean jartzen didate.

Madrilera bidaian kolpeak eta kokoteak ematen dizkidate buruan eta etengabeko

mehatxuak entzuten ditut. Kotxea geldituko dutela eta “te voy a poner en pelotas, te tiro a

la nieve y te voy a abrir en canal”. Komisarioak bere jaka kentzen du eta nire kontra

igurzten hasten da. Bere ondoan dagoen beste guardia zibila komisarioa lasaitzen saiatzen

da, baina berak ere mehatxatzen nau. Madrilera bidean, birritan egin zidaten poltsa. Bidai

osoan zehar mehatxuak eta garrasiak belarrira etengabeak dira esanez, ikusiko nuela

Madrilen zer gertatuko zen.

Komisaria

Gela ezberdinak zeuden: batean gainontzeko atxilotuen oihuak entzuten nituen, nire

bikotearenak barne, eta bazegoen beste bat, beherago zegoena, erabat isolatua nengoela

sentitzen nuena eta bertan tratua gogorragoa zen. Lehenengori “gela gogorra” deituko diot

eta bigarrenari “gela oso gogorra”. Tortura sesio gogorrenak gauean izaten ziren, eta

saiatzen nintzen orduak kontrolatzen auzimedikuaren bisitengatik.

Mehatxuak jarraitzen dute eta komisarioak ziega batean sartzen nau eta esaten dit ongi

pentsatzeko zer egingo dudan. Bertatik ateratzen naute eta auzimedikuarengana

eramaten naute. Gutxi gora behera astearteko 20'30ak dira. Torturatua izaten ari naizela kontatzen diot. Berriz ere ziegara eramaten naute.

“Gela gogorrera” eramaten naute. Han gainontzeko atxilotuen oihuak entzun ahal nituen.

Aulki batean esertzen naute eta eskuak bustitzen dizkidate, elektrodoak diruditen soinu

batzuk entzuten ditudan bitartean. Esan behar dut, ziegan nengoenean ere entzuten nituela

zarata hauek. Hitz egin behar dudala esaten didate eta arropa kentzen hasten zaizkit erabat

biluzik utzi arte. Horrela nagoela ur hotza botatzen didate gainetik. Poltsa jartzen didate 3

aldiz jarraian. Bainera egitearekin mehatxatzen naute. Biluzik nagoela aulki baten gainean

jartzen naute lau hankatan eta baselina ematen didate ipurtzulo eta aluan eta objektu bat

sartzen didate. Biluzik jarraitzen dut eta manta batean biltzen naute eta kolpatzen naute.

Oratzen naute, bultzatzen naute eta lurretik altxatzen naute.

Ziegara eramaten naute berriz ere asteazken goizera arte, auzimedikua berriz ikusi arte.

Berari kontatzen diot tratuari buruz zerbait eta auzimedikuaren jarrera txarra izan zen.

Ziegara bueltatzen naiz eta zerbait “deskantsatzen” saiatzen naiz. Tarte bat pasa ondoren,

komisarioa dator, ziegatik ateratzen nau eta gela “oso gogorrera” narama. Han komisarioak

berriz ere biluzten nau. Iletik tiratzen dit, buruan kolpeak ematen dizkit eta belarrira

oihuka esaten dit militarra dela eta hilteko entrenatua dagoela eta “te voy a destrozar toda

por dentro para que no puedas tener pequeños etarras”.

Ziegara eramaten naute berriz ere eta handik auzimedikuarengana (3º bisita). Ez diot ezer

esaten, aurreko bisitan izan zuen jarrera ikusita non nik kontatutako tortura testigantza

zalantzatan jarri zuen.

Galdeketetan beti egoten zen jende asko, behin 7 ahots ezberdin zenbatzera heldu nintzen.

Nire bikotearekin etengabe mehatxatzen ninduten (nola torturatzen duten entzuten dut).

Gainera, nire neba atxilotzearekin ere mehatxatzen naute. Esaten didate gainera, traturik

ez badagoela, nire gurasoak atxilotzeaz gain nire amama ere eramango zutela “en bragas y

que se la iba a follar”.

Azken aurreko eguna:

Komisarioak berriz biluzten nau. Manta bat botatzen dute lurrera. Komisarioak oihu egiten

du eta bortxatuko nautela esaten dit, berriz ere. Bera arropa eranzten hasten dela iruditzen

zait, gerrikoa nola kentzen duen entzuten dut. Orduan, “Garmendia” deitzen zen bat

komisarioa lasaitzen saiatzen da, gelatik ateratzen du eta nola hitz egiten duten entzuten

dut. Garmendia, berriz sartzen da gelan eta zin emateko deklaratuko dudala esaten dit.

Azken egunean, 6 galdeketa arte eduki nituen. Bigarren polizia deklarazioa larunbatean

goizeko 5'40etan egiten dut. Bigarren deklarazioa eta gero ez naute berriz biluzten.

Deklarazioak egin eta gero beraien agresibitatea txikiagoa zen, Iñigo ikusi nahi nuen

galdetzera ere heldu ziren. Deklarazioak prestatzen denbora asko ematen genuen, beraiek

matxakatzen ninduten esanez zer deklaratu behar nuen.

Mehatxuak Entzutegi Nazionalera heldu arte mantendu ziren. Epaitegira eraman ninduten

furgoian bertan, nire alboan eserita zihoan komisarioak, epailearen aurrean dena berretsi

behar nuela esan zidan.

Inkomunikazio aldi osoan zehar, auzimedikuarengana joaten nintzenean izan ezik, begiak

estali zizkidaten antifaz ezberdinekin. Bazegoen bat latexekoa zela eta hauts antzeko bat

zeukala. Esaten zidaten begiak zabaltzen banituen itsu geratuko nintzela. Nik nabaritzen

nuen kentzen zidatenean (auzimedikuarengana joateko) gero begietan azkura nuela tarte

batez. Komisarioarekin nengoenean terziopeloko beste bat jartzen zidaten.

Inkomunikazio aldi osoan hiru guardia zibilekin egon nintzen, nahiz eta galdeketetan jende

asko egoten zen gela barnean. Batetik, “komisarioa” eta “inspektore” izena zeukatenak.

Beraien artean lehia antzeko bat zuten ia zeinek aterako zidan informazio gehiago.

Bestetik, “Garmendia” zegoen, aurrekoak baino basakeria gutxiago erabiltzen zuen baina

berdin berdin mehatxatzen ninduen eta beraiek nahi zutena esateko presionatzen ninduen.

Galdeketa batean komisarioak galdetu zidan ia zein gorpu polizialek (GZ, Espainiar Polizia

ala Ertzaintza) torturatzen duen hobeto. Etengabe errepikatzen zidan bera militarra zela

eta hiltzeko entrenatua zegoela.

Epailearen aurrean deklarazioa ukatu nuen eta torturatua izan nintzela salatu nuen. Esan

nion ez nuela berresten deklarazio poliziala ez zelako baldintza normaletan eman,

torturatua izan nintzela eta jasandako tratu txarrak kontatu nizkion. Epaileak orduan,

galdetu zidan ia zergatik ez nion ezer esan auzimedikuri eta erantzun nion berak

edukitako jarreragatik zela, zalantzatan jarri zuelako nik eginiko kontakizunaren

sinesgarritasuna.

Soto del Real, 2011ko Martxoak 6
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.