Larunbatean herritar talde batek antolatuta eskubide zibil eta politikoen alde BEC atarian (Barakaldo, Bizkaia) egin zen ekitaldian ez zirela ETAren aldeko oihuak aldarrikatu, eta, halaber, "iraganean ohikoak ziren desordenak" ez zirela gertatu azpimarratu du Juan Fernando Lopez Aguilar Espainiako Justizia ministroak. Ondorioz, Batasunak "Zuzenbide Estatuak igorritako mezua" ulertu duela iritzi dio. Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiaren aburuz, "ekitaldi neurtua" izan zen.
"Iraganean Batasunaren ekitaldietan ohikoak ziren desordenarik ez zen gertatu, eta debekatuak izan ziren leloak ere ez ziren oihukatu", esan du Lopez Aguilar Espainiako Justizia ministroak. "Beraz, Zuzenbide Estatua ondo dabilela agerian geratu da, ez bakarrik erakundeen funtzionatzen dutelako eta indartsuak direlako, baizik eta hartzaileak mezua jaso duelako", azpimarratu du.
Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak ere antzeko iritzia agertu du ETBn egin dioten elkarrizketan. Lopezen arabera, "ekitaldi neurtu eta kontrolatua" izan zen BECekoa, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak ezarritako baldintzak betetzen saiatu ziren. Hala ere, plazaratu ziren edukietan ez duela "berritasunik" sumatu adierazi du Lopezek, eta "indarkeriatik urrunduz politikan behin betiko murgiltzeko aukera paregabea" galdu duela Batasunak.
BECeko ekitaldian ETAren aldeko oihurik ez zela izan-eta, Batasunak "mezua ulertu" duela esan du Lopez Aguilarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu