BECeko finalean izan da gaur Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregea, baina bere aurkako egundoko txistu pila entzun behar izan ditu, jarraitzaile gehienek ez dutelako ondo hartu. Partida hasi baino sei minutu lehenago heldu da palkora, Sofia erreginarekin batera, eta jendeak "kanpora, kanpora!" egin die oihu. Txalo gutxi batzuk izan dira.
Espainiako ereserkia jo dute ondoren, bi taldeak kantxan zirela, eta hor ere txistu asko entzun da. Harmailetan milaka euskal herritar zeuden -Caja Laboralek eta Bilbao Bizkaia Basketek fasea jokatu dute-, eta Bartzelonako zaleak ere ehunka zeuden. Denera, 14.800 lagun bildu dira gaur BECen finala ikusteko.
Athleticek eta Bartzelonak joan den maiatzean Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatutako Espainiako futbol Kopako finaleko giroaren antzekoa izan da gaur, beraz, Barakaldon. Erregea 2001etik saskibaloiko Kopako finalera joan gabe zegoen.
Juan Carlos Borboikoaren ondoan izan dira palkoan, besteak beste, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia.
BECen ere ez dute ondo hartu Espainiako erregea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu