Azken orduetan bederatzi atxikimendu berri izan ditu Alemaniatik euskal presoen eskubideen alde Herrirak egindako dokumentuak. On the Path to the Peace, respect prisoners' rights du izena dokumentuak (Bakerako Bidean, presoen eskubideak errespetatu), hain zuzen ere, nazioarteko eragileen artean babesa jasotzeko sortu zuena. Bederatzi horien artean dira Alemaniako Legebiltzarreko sei parlamentarirena, abokatu batena eta Alemaniako eliza ebangelikoarena.
Herrirak politika, zuzenbidea, unibertsitatea, sindikalgintza edo giza eskubideen esparruetan lanean ari diren mundu osoko pertsonen babesa jaso du. "Euskal Herrian egiten ari garen bezala, ezinbestekoa da nazioartean ere euskal presoen eskubideen alde, Espainiak eta Frantziak indarrean mantentzen duten espetxe politikaren aldaketaren alde eta konponbidea zein bakearen aldeko aldarriak ahalik eta babes gehien jasotzea", adierazi du Herrirak.