Berdintasunerako Lege berria onduko du Nafarroako Gobernuak, irailetik aurrera

Ion Orzaiz.
2016ko martxoaren 8a
18:55
Entzun

INAI Berdintasunerako Nafar Institutuaren egitekoa hiru ardatz nagusitan laburbildu du Nafarroako Gobernuko bozeramaileak: bat, emakume zein gizonen arteko aukera berdintasunaren alde lan egiten duten erakundeekin elkarlana bultzatzea eta laguntza handiagoak ematea; bi, Berdintasunerako Foru Lege berri bat ontzea; eta hiru, administrazioaren departamentu guztietan «transbertsaltasuna» sustatzea, «genero ikuspegia aintzat hartzeko».

Diru laguntzak

UPNren agintaldian kendutako diru laguntza batzuk berreskuratu ditu Nafarroako Gobernuak, 220.000 euroko diru saila bideratuta. Hala, irabazi asmorik gabeko elkarte feministen diru laguntzak banatuko dituzte datozen hilabeteetan (2013tik ez dira eman).

Bestalde, 10.000 euroko laguntza zuzena emanen diote Nafarroako Unibertsitate Publikoari, genero graduondokoa kudeatzen laguntzeko; 40.000 euro emanen dizkiote IPES elkarteko dokumentazio zentroari, «emakumeek gizartean duten presentzia ikusarazteagatik eta berdintasun alorreko ezagutza hedatzeko egiten duen lanagatik»; 10.000 euro izanen dira Comfin elkarte feministen federazioarentzat, «emakumeen kolektiboei ematen dien babes teknikoarengatik eta aholkularitzagatik». Azkenik, 40.000 euro emanen dizkiote Kattalingorri elkarteari, LGTB kolektiboaren jazarpenari aurre egiteko tenorean, «arreta eta sentsibilazio zerbitzua ematen laguntzeko» eta «transexualitate batzorde bat» sor dezan.

Berdintasunerako Legea

Berdintasunaren alorrean, Nafarroako Gobernuak 2016an izanen duen «erronkarik garrantzitsuena» izanen da Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasuna Sustatzeko Foru Lege berria. INAIko zuzendari Mertxe Leranozek azaldu du irailetik aurrera hasiko direla arau berria garatzen, «egungo egoeraren diagnostiko bat egin ostean». Leranozen arabera, «erabat zaharkitua gelditu da» egun indarrean dagoen legea (2002koa), eta nazioarteko araudi berriari erreparatu beharko diote.

Horrez gainera, legebiltzarrak iaz onartutako Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Foru Legea aplikatzen hasiko da gobernua, indarkeria matxistaren aurkako ekintza plana indarrean jarrita. Ekaina baino lehen aurkeztu nahi dute egitasmo hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.