Ibarretxe planaren aurkezpena Eusko Legebiltzarrean

Bere proposamenak "indarkeriari ateak itxiko" dizkiola nabarmendu du lehendakariak

Indarkeria arbuiatuz eta giza eskubideenganako konpromisoa agertuz hasi du agerraldia Ibarretxek

2003ko irailaren 26a
14:44
Entzun
Bere planak indarkeria gainditzeko balioko duelaazpimarratu du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak. ETAren jarduna gaitzetsiz eta giza eskubideenganako konpromisoa azalduz hasi du Eusko Legebiltzarreko agerraldia Ibarretxek. Ildo horretatik, ETA desagertarazteko "eragingarritasun poliziala, gizartearen arbuioa eta proposamen politikoak" behar direla azpimarratu du.

ETAren indarkeriaren gaitzespena eta giza eskubideenganako konpromisoa izan dira Juan Jose Ibarretxe bere proposamena aurkezte aldera Eusko Legebiltzarrean egiten ari den agerraldiaren ardatza. Hain justu, bere planak indarkeria gaitzesteko, eta "ETArik gabeko aro bat" hasteko balioko duela esan du.

Hiru ardatz proposatu ditu ETAren aurka egiteko: "eragingarritasun poliziala,gizartearen arbuioa eta gatazka politikoa gainditzeko proposamen politikoak". Hiru ardatz horiek indarkeria behin betiko gainditzeko balioko dutela esan du.

Baina indarkeriaren aurkako borrokarekin batera, bortxazko egoera horren biktimen babesa eta giza eskubideak betearazteko bermeak behar direla azpimarratu du lehendakariak. Hala, biktimen artatzean, jazarpen indarkeriaren inguruan, zein Giza Eskubideen Behatokiaren eratze aldera Jaurlaritzak egindako urratsak eredu gisa jarri ditu.

Halaber, giza eskubideak pertsona guztienak direla azpimarratu du Ibarretxek, baita atxilotu eta presoenak ere. Ildo horretatik, Espainiako Gobernuak euskal presoei aplikatzen dien urruntze eta sakabanatze politika salatu du, eta Eusko Legebiltzarra euskal presoak hurbiltzearen alde agertu dela nabarmendu du. Bide beretik, Ertzaintzak atxilotutakoen giza eskubideak babesteko eratutako protokoloa goraipatu du.

Azkenik, indarkeriaren eta giza eskubideen inguruko atal horretan, genero indarkeria salatu du lehendakariak, eta bortxakeria horren aurka Jaurlaritzak dituen egitasmoak plazaratu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.