EHAK-ko buruzagi eta legebiltzarkideak eta haien abokatu Jone Goirizelaia sinetsita daude legez kanpo utziko dituztela. Ilegalizazio prozesua "aurrez idatzitako gidoiaren" arabera egiten ari direla salatu dute, eta arrazoi juridikoak barik interes politikoak nagusitu direla.
Atzo Auzitegi Nazionalean EHAKren jarduera eteteari buruzko auzi saioan izan ondoren egin dituzte adierazpen horiek. "Ez dago datu bakar bat prozedura guztian, ez arlo penalean ez prozedura administratiboan, epaileak EHAK alderdi politikoaren jarduna etera eraman ditzakeena", nabarmendu du Goirizelaiak. Izan ere, Auzitegi Nazionalean bide penaletik ez ezik, Auzitegi Gorenean ere abian da EHAK legez kanpo uzteko prozedura, bide administratibotik. Zalantzarik gabe Gorenak legez kanporatzea erabakiko duela uste du abokatuak.
Duela hiru urtetik ez dutela EHAKren aurka froga berririk aurkeztu erantsi du Goirizelaiak, eta zantzu horiekin berarekin legez kanporatzeko arrazoirik ez zegoela erabaki zutela orduan. Horrenbestez, legez kanporatzeak interes politikoei erantzuten diela uste dute EHAK-ko kide eta abokatuek: "Erabaki politiko bati arrazoi juridikoak janztea eskatzen ari zaizkie epaileei".
Beren legez kanporatzea "aurrez idatzitako gidoiaren" arabera egiten ari direla salatu du EHAK-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu