Asteburuko sasigaldeketaren balorazioa
Hasteko eta behin bozkatzera joan diren Bergararrei gure errespetua adierazi nahi diegu. Hauteslekuetan bozka eman duten herritarrak 4.211 izan dira, tartean Bergarrak ez direnak ere badaude. Zentsoa kontuan hartuko bagenu herritarren %36,07ak eman du bozka (zentsoa 11.673). Baina kontuan hartu behar da zentsuan eta erroldan ez dauden kanpotarrek ere eman dutela bozka.
Bergara Zero Zaborrekook genituen aurrikuspen txarrenak bete dira. Herri galdeketa honek araudi oso eztabaidagarria zuen ( boto delegatua, zentsotik kanpo dauden herritarrek bozkatzeko aukera izatea, galdeketa pribatua izatea eta begiralerik ez onartzea). Hori gutxi balitz beraien legedia ere ez dute bete.
Zero Zaborren dozenaka begiralek ez dute mahaietan egoteko aukerarik izan, dena den gertutik begirale lana egin eta dozenaka arau hauste larri ikusi ditugu: Ez da derrigorrezkoa izan Bergaran erroldatuta egotea. Hala erroldan ez zeuden herritarrek bozka eman dute. Kasu batzuetan bi aldiz gainera, dendari izatearren bi bozka dituztenak ere badaude.
Bergararrak ez direnek bozkatzeko aukera izan dute, boto delegatua onartuz, inongo limite gabe gainera. Pertsona bakar baten izenean bozka ugari eman ditu hainbatek.
Zentsuari dagokionez ez dakigu benetan zein den esku artean izan duten zerrenda, baina argi ikusi dugu zerrenda hortatik kanpo dagoen jendeak ere bozka eman duela, beraiek deituriko “lista negra” horretan apuntatu dituztelarik.
Orain argi daukagu zergatik ez diguten utzi beraien alboan galdeketa ikusten, tranpak egin ahal izateko.
Gaur bi galdeketa izan dira Gipuzkoan, bat Bergaran eta bestea Igeldon. Oso arau ezberdinekin biak: Igeldon ez da boto delegaturik onartu eta Igeldoar bat bozka bat printzipio demokratikoa gauzatu da, Bergaran ezta hori ere; igeldon igeldotarrek bozkatu dute, Bergaran kanpokoek ere bai; Igeldon alderdi guztietako begiraleek eta herritarrek galdeketan begirale izateko aukera izan dute, Bergaran ez dugu izan eta mahai inguruetatik aldentzeko Ertzaintza deitu dute, hainbat begirale identifikatuz.
Beraz, bozkatzera joan diren bergarar guztiekiko errespetua adierazi nahi dugu. Baina, asteburuan Bergaran gertatu dena oso larria izan da, ez delako galdeketa demokratikoa izan, ez delako bergarar bat bozka bat printzipioa errespetatu eta beraien araudia ere behin eta berriz hautsi dutelako. Argi dago beraz sasi galdeketa hau putxerazo hutsa izan dela. EAJ eta Bergara Garbiaren joko zikina agerian gelditu da. Beraz, bergara zero zabor herria izateko bideari eutsi eta birziklapena bermatzen duen sistema mistoa abian jartzeko deia egiten dugu.
Bergara Zero Zabor