Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak esan du orain egin behar dena dela "prozedura" jarraitzea. Eta horretarako lehenengo urratsa Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari txostena eskatzea dela, edozer egiten dela ere berme guztia izan dezan. "Hori da Industriak egingo duena, txostena eskatzea".
EAJk Arabako Foru Aldundiari eskatu dio gainerako erakundeekin batera, Garoñaren luzapena arbuiatzeko mugimendu soziala "gidatzeko". "Ezin dugu onartu uztailaren 6tik aurrera Garoñak irekita egun bat gehiago ere jarraitzea. Guztiok aukera honen aurka egin behar dugu, eta hori Arabako erakunde nagusiek gidatu behar dute", esan du EAJko Ramiro Gonzalezek.
Araba Garoñarik gabe ekimenak Arabako ahaldun nagusi Javier de Andresi eskatu dio Garoñaren luzapenaren aurka adierazpenak egiteko edo bestela bere kargua uzteko, herritarren interesak defendatuko ez lituzkeelako.
Ecologistas en Acción elkarteak pentsatzen du zentral nuklearraren itxiera arrazoi politiko, tekniko eta juridikoak medio, atzera bota ezina dela, eskaera egonda ere.