Berri pozgarria dela dio AAMk, baina salbuespen bat dela gogorarazi du

2010eko abenduaren 30a
16:54
Entzun
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dio "oso albiste pozgarria" dela epaia, baina oso gutxitan gertatzen den kasua dela. Hala, salbuespen bat dela azpimarratu du; izan ere, dio torturen milaka kasuetatik bakan batzuk iristen direla epaitegietara, eta horietatik gutxiago direla tortura salaketak ontzat eman eta poliziak zigortzen dituztenak.

Torturaren erabileraren erantzukizuna, ordea, polizietatik harago doa, AAMk dioenez: "Epaiketa horretan, Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzearen erantzule politiko nagusiak ez ziren eseri akusatuen aulkian. Torturaren erantzule politikoek Moncloako bulegoetan lan egiten dute. Torturaren erabilera egitura konplexu baten ondorioa da, eta egitura horretan parte dira gobernu ordezkariak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak eta polizia erakundeak. Errealitate honen inguruan isiltasun aktiboa eta kontzientea duten erakunde, alderdi politiko eta komunikabideak ere beharrezkoak dira torturaren erabilerarako".

Ibarretxeren esanak

Momentu hauetan hemerotekei begirada bat ematea garrantzitsua dela dio AAMk. Gogora ekarri du EAEko lehendakaria zela Ibarretxek gertaeren inguruan esan zuena: "Nire alderdiak ez du aditzera eman guardia zibilen aldetik inolako torturarik egon zenik". Mugimenduak adierazi du torturaren inguruan antzeko jarrera erakutsi duten politikari eta kazetariek ere lagundu dutela eta laguntzen dutela tortura mantentzen.

"Torturaren aurkako borroka ez da epaitegietan irabaziko. Torturatzea erabaki politikoa den heinean, tortura amaitzea ere erabaki politikoa izango da", jakinarazi dute AAMko kideek. Gainera, tortura sistema martxan dagoela diote, eta horren erakusgarri direla aurten torturatutako 63 pertsonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.