Luze hitz egin zuen atzo fiskalak Madrilen hainbat gazteren aurka egiten ari diren epaiketan. "Dagoena dago", esan zuen. Gaur zen amaitzekoa gazteen aurkako epaiketa, baina atzeratu egingo da, ziurrenik, fiskala luzatu egin delako zigorrak eskatzeko bere azalpenean. Luzatu arren, ordea, frogetan ezin izan du sakondu oraingoz.
Inkomunikazio aldian egindako deklarazioak frogatzat ezin direla hartu aitortu du epaiketan fiskalak, "eragingarriak" ez direlako. Badu hor non sakondu, luzatzen hasita. Karta guztiak mahai gainean jarrita, agerian utzi du froga sendoak aurkezteko bere ezintasuna. Gazte Independentistak taldeko bozeramailea zela bat, Gazte Asanbladan parte hartzen zuela besteak. Hori sei urteko espetxe zigorra eskatzeko argudioa, Segikoa izatea leporatuta.
"Dagoena dago", esan du fiskalak. Auzipetutako gazte kopurua ezin handiagoa izan daiteke, fiskalaren azalpena luzatu daiteke, jarduera politikoa kriminaliza daiteke, baina frogen faltan, horrek ez du sinesgarriago egingo argudio ahul bat. Ez dagoena ez dago.