2003ko otsailaren 20an Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Egunkaria-ko egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituzten: Xabier Alegria, Luis Goia (2006an hil zen), Joan Mari Torrealdai, Pello Zubiria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Iñaki Uria, Fermin Lazkano, Txema Auzmendi eta Inma Gomila.
Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Guztiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Bi auzi daude: Egunkaria-ren itxiera ekarri zuen sumario nagusia batetik, eta auzi ekonomikoa, bestetik. Lehen kasuan akusatuta daudenei, Egunkaria-n "izandako ardurengatik", ETAko kide izatea egotzi diete. 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haien aurka.
2006an fiskalak auzia artxibatzeko eskaera egin zuen, auzipetuei zer leporatu ez zegoela argudiatuz, baina Egunkaria auzia-k aurrera egin du AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek herri akusazio gisa eginiko eskaera dela-eta. Herri akusazioaren eskaerekin bakarrik, fiskalaren zein akusazio partikularren eskaerarik gabe, epaiketa egitea legezkoa den argitu gabe dago.
Auzi ekonomikoan, aldiz, diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi diete zortzi akusatuei, eta hori "delitu terroristarekin" lotu dute. Auzitegi Nazionalean dago horrenbestez auzi hori ere.
Bi auzi daude irekita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu