Eider Goenaga - DONOSTIA
Astearteko polizia operazioak zabalik dirau, eta horren isla dira Espainiako Poliziak atzo goizaldean egindako bi atxiloketak. Azpeitian Maider Egiguren eta ustez Arrasaten Mikel Goiaran atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Hori gertatzen zen bitartean, baina, asteartean atxilotuetako lau espetxeratzeko agindua eman zuen Baltasar Garzon epaileak, eta beste hiru atxilotu kargurik gabe aske utzi zituen Espainiako Poliziak, epailearen aurretik pasa ere egin gabe.
Aske gelditutakoak Oiartzungo hiru gazte dira: Enekoitz Oiartzabal, David Brum eta Gaizka Garcia. Espetxeratutakoak, berriz, Iruñeko Ikerne Indakoetxea eta Goizeder Anton, eta Arrasateko Saioa Azua eta Gaizka Azkarate. Atxiloketa berriak gertatutako moduari buruz informazio gutxi dago. Maider Egiguren bakarrik bizi da, Azpeitiko Bustinzuriko Errebalean, eta bizilagunek kontutakoa besterik ez da ezagutzen atxilotutako moduari buruz. Gauerdian, 00:30ean, Espainiako Poliziaren bi furgoneta ikusi zituzten Egigurenen etxetik gertu eta goizaldean 02:00ak inguruan ikusi zuten pertsona bat zeramatela atxilotuta. Dirudienez, Maider Egiguren zen atxilotua zeramaten hori. Garaiondo nola atxilotu zuten ere ez dago argi. Askatasunak jakinarazi zuenez, bere senideak 09:00ak aldera hasi ziren kezkatzen, jakin zutenean Garaiondo ez zela lanera joan. Atxilotua Osintxun (Bergara) bizi da eta Elgoibarren egiten du lana; berri agentziek zabaldu zutenez, baina, Arrasaten atxilotu zuten herenegun gauean. Atzo eguerdian Espainiako Polizia haren gurasoen Eibarko etxea miatzera joan zen, Garaiondo eurekin zeramatela. Ama eta arreba zeuden etxean, baina ez zuten hura ikusteko aukerarik izan.
Lau barrura eta hiru kalera
Asteartean atxilotutakoak, berriz, atzo hasi ziren Garzon epailearen aurretik pasatzen. 16:00ak inguruan hasi ziren deklaratzen, baina ordurako atxilotuetako hiru aske irtengo zirela jakinarazi zuen Espainiako Poliziak. Garcia, Brum eta Oiartzabal aske uztea erabaki zuten, epailearen aurretik pasatu gabe. Hala ere, 22:00etan oraindik ez zuten haien berririk, nahiz eta Canillaseko komisarian elkartutako senideei Poliziak esan aske zeudela.
Auzitegi Nazionalean, berriz, beste atxilotuak komunikatuta hasi ziren deklaratzen, konfiantzako abokatuaren laguntzaz, eta 18:30 inguruan ezagutarazi zuen Garzonek bere erabakia. Arratsaldean deklaratu zuten guztiak espetxeratzeko agindu zuen. Madrilera gerturatutako senideek, hala ere, aukera izan zuten Auzitegi Nazionalera sartu eta Indakoetxea, Anton, Azua eta Azkarate une batez ikusteko. Haiek esan zutenez, Espainiako Poliziak mehatxuak egin zizkien, eta atxilotu bati buruan kolpeak jo eta makurtuta egotera behartu zutela. Garzonek ETAko kide izatea egozten die laurei. Azua eta Azkarateri egozten die 21 egunez etakide bat etxean gordetzea; Indakoetxea eta Antoni, berriz, ETAn sartzeko kide berriak bilatzen jardutea.Astearteko beste atxilotuak ®¢Ruben Gelbenzu, Xabier Otaegi, Zuhaitz Izagirre, Eneko Gorostidi eta Regina Maiztegi®¢ gaur pasako dira epailearen aurretik, nahiz eta oraindik ez jakin zein ordenetan pasako diren. Aurreko egunekoak jarraituz, atzo ere hainbat mobilizazio egin ziren Euskal Herrian. Arrasaten 250 lagun elkartu ziren, Espainiako Poliziak atxilotutako Azua eta Azkarate eta Frantziako Poliziak atxilotutako Igor Letonaren askatasuna eskatzeko. Bihar manifestazioa egingo dute. Azpeitian 230 lagun inguruk eskatu zuten Egigurenen askatasuna; gaur auto karabana egingo dute eta bihar manifestazioa. Añorgan ere egin zuten manifestazioa 50 lagun inguruk. Han, batez ere, Frantzian atxilotutako Eneko Agirresaroberen askatasuna eskatu zuten.
Atxiloketak
Bi lagun atxilotu dituzte, lau atxilotu espetxeratu eta bi aske utzi
Asteartean atxilotutakoak atzo hasi ziren Baltasar Garzon epailearen aurretik pasatzen; besteek gaur jarraituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu