Bilboko Zorrotza auzoan emakumezko bati labana sartu zioten atzo, 13:15 aldean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, bere etxean agertu zen labankadarekin.
Emakumezkoa Gurutzetako erietxera eraman zuten berehala, eta ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak. Bizilagun batek abisu eman ostean joan zen Ertzaintza gertaeren tokira.
Bilboko Udaleko alderdi guztiek —EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Udalberri eta Goazen Bilbao— "haserrea eta gaitzespena" adierazi dute atzoko eraso matxistaren aurka. Kaleratu duten oharrean, udaleko alderdiek babesa adierazi diete erasoa jasan duenari eta haren ingurukoei.
Mugimendu feministak kontzentraziora deitu du Zorrotzan gaur arratsalderako, atzoko eraso matxista salatzeko.