Iritzia. Ez Wert ezta Uriarte ere! Geurea erabakitzeko ordua da

2013ko urriaren 12a
10:40
Entzun

Ruben Iglesias eta Ainhoa Larrabe (Hezkuntza mugimenduko kideak)

Estatutik datorren LOMCE legeak piztu duen alarma gorriaz baliatuta, EAEko gobernua ez da denbora galtzen ari. Espainiar dekretuaren aurrean hezkuntza eragile zein herritarrongan sortu den ezezkoaren arteko batasunaz probestu eta 1992ko Curriculum dekretua berritzeko asmoa duela adierazi berri du.

Eszenatoki paregabea du EAJk parez pare. Espainiar erreformaren aurrean, geurearen defentsan arituko bailitzan ari da hezkuntza eragile ezberdinen artean adostasun bila.  LOMCEk sortu duen larritasunaz baliatuko da hezkuntza sistema bere interesen araberako birmoldaketan sakontu eta honen legitimaziorako.

Baina ez dezagun ahaztu LOMCE gabe ere, egungo Euskal Herriko hezkuntza sistemak arazo ugari badituela jada, Wert etorri gabe ere, euskal hezkuntzaren egoera larria dela oso; ditugun hizkuntza ereduek ez dute euskal ikasleen euskalduntzea bermatzen, edukien gaineko eskumenak ere ez ditugu sekula izan, ikasleen beharrei erantzutetik urrun, eredu neoliberal eta patriarkalaren ikusmiran antolatzen dela. Oso garrantzitsua da jakin eta ulertzea Euskal Herriak ez duela sekula izan bere hezkuntza sistema ereduaren gaineko erabakiak hartzeko eskubiderik ezta hau egituratzeko eskumenik. 

Hamarkadetan zehar, Euskal Herriko hezkuntzaren gaineko erabakirik hartzeko ezintasun horretatik, hamaika herri dinamika sortu dira: Oñatiko unibertsitatea, Ikastolen Mugimendua, Ikasle mugimendua, Udako Euskal Unibertsitatea, BaiEusUni ekimena, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak Euskal Eskolaren alde egiten ari den lana… Hor dugu 2006ean Nazio Eztabaida Guneak bultzatuta, hezkuntza komunitateko eragile nagusietako hainbat lagunek erdietsitako Oinarrizko Hezkuntza Akordioa. Herritarren artean ere babes zabala jaso zuena.

Gogorarazi nahi dugu,  Euskal Herriak baduela Euskal Curriculum proiektu bat. 2003an Udalbiltza, Sortzen Ikasbatuaz eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eginiko hitzarmen batetik abiatu. Eremu ezberdinetako eragile eta norbanakoek nahiz herritarrek egitasmoaren garapenari bide eman zioten, inguruko herrialdeetako Curriculum parte hartzaileena bilakatuz, zalantzarik gabe. Beraz, ez dugu Uriarte anderearen Curriculum proposamenik behar, hasitako prozesua bukatzea eta inplementaziorako baldintza eta tresnak sortzea dagokigu orain.

Bidegurutze batean aurkitzen gara. LOMCEren aurrean, EAEko gobernuarekin ezkondu eta herri honen hezkuntza administrazioen erabakien menpe lerrokatzea edo hezkuntza eragileetatik harago, herritarrak euskal herriak behar duen hezkuntza sistema propioaren bidean adostasunak bilatzea. Geure hezkuntza sistema propioa definitu eta herriz herri proiektu herritarrak bideratzea.

Hezkuntza eragileei galdetu nahi genieke non lerrokatzen diren: instituzio eta gobernuaren epeltasuna albo batera uzteko prest dauden. EAEko gobernuaren proiektuetan murgilduko den edo herritarrokin proiektuak sortu eta definitzeko hautua egiten duten. Nor bere eragile, sare eta interesak alde batera utzi eta geure hezkuntza sistemaren bidean urratsak emateko borondaterik dagoen. Hemen jokoan dagoena ez da sektore edo sare bat, ez da baten edo bestearen lidergotza, hemen herri bat dago jokoan.

Urriaren 12an Bilbon manifestazioa izango da. Ez bedi izan espainiar estatutik datorren lege bati ezetz esateko. Abiapuntu izan bedi herritarron artean bildu eta geure hezkuntza ereduaren gainean erabakiak hartzeko, proiektuak eraiki eta aurrera eramateko. Bete ditzagun Bilboko kaleak Hezkuntza Sistema Propioaren aldarrikapenarekin. Baina egunez egun, herri, hiri, auzo zein ikastetxeetan; Ikasle, guraso, irakasle edota hezkuntza egoerarekin kezkatutako edozein herritar, bildu gaitezen gure herriaren mesedetan egongo diren proiektuak eraiki eta bultzatzeko.

Abiapuntua ez da soilik Espainiatik datorren inposaketa gordin hori aplikatzen dugun ala ez. Euskal Herriko hezkuntza sistemaren gainean hausnartu eta erabakitzeko ordua da. Estatu zein administrazioen inolako mugarik gabe.
Hezkuntza sistemak berebiziko garrantzia du herri baten biziraupen zein garapenean, garrantzitsuegia da bulego batean bere etorkizunaz aritu eta erabakiak hartzeko. Arduraz eta ausardiaz jokatzeko garaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.