Julian (34 urte)

"Bizileku baimena berritzeko, 15 euro behar ditut"

2015eko abenduaren 6a
08:50
Entzun

Lan eskasiari ihesi utzi zuen Julianek Errumania, bere sorterria. Hainbat lekutan ibili ostean, Bilbon bizi da. Txabola batean hartzen du atseden gauetan. Egunez, eskean ibiltzen da. Udan erroldatu zen, gaixotu zenean, osasun txartela eskuratu ahal izateko.

Julianek 34 urte ditu, eta Errumaniakoa da jaiotzez. Izena asmatutakoa da. «Gure sorterrian ez dago lanik. Nire adineko beste askok bezala, atzerrira jo nuen etorkizun hobe baten bila. Andaluziara [Espainia] joatea erabaki nuen. Jornalero ibili nintzen, baina nekazaritzan urtean hilabete batzuetan baino ez dago lana. Zaldizain ere ibili nintzen urtebetez, baina ugazaba diru barik geratu zen, eta kendu egin behar izan zituen». Hiriz hiri, penintsula osoa zeharkatu zuen. 2012an iritsi zen Bilbora. «Kale Nagusian egiten dut behar, eskale modura».

Nahiz eta 2012an heldu zen Euskal Herrira, Julian joan den uztailean erroldatu zen. Kalean bizi da, eta txabola batean hartzen du aterpe gauetan. Hura da bere etxea. Uda honetan izan du lehen hartu-emana gizarte zerbitzuekin. «Udaberrian hasi nintzen hegaleko minez. Hasieran pasatuko zela pentsatu nuen, eta ez nion aparteko garrantzirik eman. Baina gero eta handiagoa zen. Azkenerako ibili ezinik geratu nintzen». Bizkaiko Caritasek San Anton elizan duen Hontza zentrora jo zuen, ezagun batzuek hartaz hitz egin ziotelako. «Medikuak ikustea nahi nuela esan nien. Erantzun zidaten horretarako osasun txartela behar nuela, eta ezingo nuela lortu hiru hilabetez erroldatuta egon arte». Erroldatu gabeek larrialdi zerbitzuetara baino ezin dute jo. Munduko Medikuak elkarteko kideek artatu zuten. B hepatitisa diagnostikatu zioten. «Pilula batzuk hartzeko agindu zidaten, baina nik ez nuen dirurik ordaintzeko. Lau ordurik lau ordura hartu behar nituen. Bada farmazia bat akordioa duena, eta han doan eman zizkidaten».

Sendatu dela esan diote berriki medikuek, eta itzuli da eskale lanera. Baina hainbat astez ezin izan da txabolatik atera. «Lau lagun ditut. Marokokoak dira. Nire txabolatik gertu dituzte eurenak. Oso jatorrak eta onak dira. Txatarra batzen ibiltzen dira. Irabazten zutenetik laguntzen zidaten. Eurek ekartzen zidaten jatekoa ere».

Orain Zazpikaleetako udaltegian dagoen gizarte langile batengana joaten da tarteka. Hark azaldu dio oraindik ez dagokiola diru laguntzarik, denbora gutxi daroalako Bilbon erroldatuta. «Sei hilabete barru betaurrekoak eta hortzeria erosteko laguntza eskatu ahal izango dut. Hori esan didate. Baina nik, oraingoz, ez dut halakoen beharrik». Beraz, zain jarraitu beharko du.

Hamabost euro lortu ezinik

Ez du entzun ere egin nahi aterpetxe batera joateko aukera. Apur bat urduritu du galderak. «Halakoetan era askotako jendea egoten da, gaixotasun asko. Gripea edo beste edozer harrapa dezaket. Eta nik eskean ibili behar dut bizi nahi badut».

Bere gurasoak aspaldi hil ziren. Hiru neba-arreba dira, eta hirurek egin dute alde Errumaniatik. Bi andreek familia bana osatu dute, Italian eta Alemanian. Mantentzen dute harremana. «Tarteka, mintzatoki batera joaten naiz, eta telefonoz hitz egiten dugu». Baina ez die laguntzarik eskatu gura. «Orain arte, asko lagundu didate, eta nahikoa enbarazu egin diet».

Julianek ez du itxaropenik galdu; badu ametsik. Zaldizain izan nahi du berriro, zaldiak oso gustuko dituelako. Aurretik, bizileku baimena berritu behar du, iraungita dauka eta. Horrek, lan baimena emango dio. «Berritzeko, hamabost euro behar ditut, eta hainbeste aurreztu ezinik nabil».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.