2.000 arrantzale inguru bildu dira gaur da Madrilen, antxoaren kostera eskasari irtenbidea emateko eskatuz. Euskal Herritik Bizkaia eta Gipuzkoako arrantzaleak izan dira protestan, eta haiekin batera, Kantabriakoak, Asturiaskoak eta Galiziakoak. Arcachongo akordioa bertan behera lagatzeko eskatu dute batik bat. Gaur, Espainiako Arrantza Ministerioko Idazkari nagusiarekin bildu dira arrantzaleen ordezkariak, eta geldiketa biologikoak ekarritako krisia gainditzeko eman beharreko diru laguntzaz hitz egingo dute.
Antxoaren kostera txarrak ekarritako ondorioei konponbidea emateko eskatzen diote Kantauriko arrantzaleek Espainiako Gobernuari. Hainbat bilera egin arren, irtenbidea aurkitzerik ez dute lortu oraindik, eta horregatik, gaur, elkarretaratzea egiteko asmoz, Madrilera (Espainia) joan dira Kantauriko arrantzaleak. Elkarretaratzea egiten duten bitartean, Espainiako Arrantza Idazkari nagusiarekin bildu dira arrantzaleen ordezkariak.
Kantauriko arrantzaleak Arcachongo akordioa bertan behera uzteko eskatu dute Ministerioaren kanpokaldean. Izan ere, haiek diotenez, Iparraldeko eta Frantziako sare pelagikoek antxoa desagertzea ekarriko dute eta hori ezin da onartu. Mutrikuko kofradiako arrantzale Jose Agustin Elezkaraik dioenez, Espainiako Gobernuak ez ditu defenditzen arrantzaleen interesak.
Arrantzaleen eskaerak hiru dira: eten biologikoa egitea; Arcachongo akordioa bertan behera uztea; eta antxoarik ez harrapatzeagatik sortutako krisiari aurre egiteko diru laguntza ematea.
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek protesta egin dute Madrilen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu