Pello Urzelai
Absoluzioa eskatu dute fiskalak eta defentsak Egunkaria auziko bost auzipetuentzat, frogen atala amaituta. Alde guztiek berretsi dituzte behin-behineko ondorioak, baina fiskalaren kasuan lehen aldia da zehazki errugabetzeko eskaera egiten duena. Juridikoki garrantzitsua da, horrela egingo zuela espero izatekoa bazen ere. Akusazioek, ordea, zigor eskaera berak egin dituzte, epaigelan gertatutakoari kasurik egin gabe. 14 urteko espetxe zigorra Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendirentzat eta 12koa Xabier Oleagarentzat. Datorren astean alde guztiek ondorioak luze azalduko dituzte, eta, auzipetuei azken hitza egiteko aukera eman ondoren, auzia epaiaren zain geldituko da.
Epaiketan zehar, akusazioen helduleku bakarra Guardia Zibilak egindako txostenak zirela agerian gelditu da, eta atzo, froga perizialaren bidez, txosten horien balioa auzitan jartzeko unean, argi gelditu zen egiaztatu gabeko hipotesiak eta okerreko interpretazioak baino ez zirela.
Guztira sei guardia zibilek deklaratu zuten atzo peritu gisa: komandante batek, lau kapitainek eta kabo batek. Hiru auziko txostenak egin dituztenak eta hasieratik sumarioaren atzetik daudenak dira. Beste hirurak duela gutxi akusazioek eskatuta sumariora erantsitako txosten baten egileak dira. Txostena berria izan arren, edukia zaharra da, Jose Maria Elosuak egindako galdeketak erakutsi duenez. «Moztu eta itsasi egin dituzue literalki parrafoak eta orriak beste txostenetatik?», galdetu zien. «Bai, zati batzuk beste txostenetatik atera ditugu», aitortu zuten. Elosua saiatu zen erakusten txostenaren gehien gehiena hitzez hitz kopiatutakoa zela, baina epaimahaiburuak ez zion utzi, tribunalak neurtzen jakingo zuela esanez.
Txosten orijinalen gaineko eztabaidak hauen ahulezia eta oinarririk eza erakusteko balio izan zuen. Fiskala izan zen lehena zalantzak agertzen. Batez ere, akusatuen inguruko inplikazioa deduzitzeko moduaz galdetu zien, harriturik. Egunkaria-ren sorreran eta proiektuan erakutsitako inplikazioa ETArekiko loturaren frogatzat aurkezten zutelako. Une horretan, Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak hitza hartu zuen galdetzeko ea diskurtso horri eusten zioten. «Bai, beste elementu bat bezala»,erantzun zuten. Halaber, fiskalak zalantzak agerian utzi zituen perituen tesien inguruan: Xabier Alegriaren parte-hartzeari buruz, klabeen esanahiari buruz, udaletxe proiektuaz edo ildo editorialaren ikerketarik ezari buruz. Une batez, guardia zibilek onartu zuten ez zutela Egunkaria-ren ildo editoriala aztertu, albisteen itzulpenak zekarren zailtasunagatik. Baina Egunkaria-k ETArekin zeukan lotura nabarmentzeko telebista bat eta irrati bat egiteko asmoa zeukala argudiatu zuten, «gizartea euskalduntzeko helburuarekin».
Kontraesanak
Dena den, defentsen abokatuen galdeketak eragin zituen perituen kontraesan eta hutsune gehienak. Batetik, onartu behar izan zuten ETAri atzemandako agiriei haiek emandako datazioa ez zela fidagarria, une ezberdinetan egindako dokumentu batzuk (proposamenak zein erantzunak) egun eta ordu berean sortuak baitziren. Aurretik esandakoaren kontra, onartu behar izan zuten Egunkaria-ren kasuan agiri horietan ez zela klabe bidez aipatzen. Halaber, aitortu zuten ez zekitela Pablo Muñoz Diario de Noticias-eko zuzendariaren bulegoaren miaketan Zutabe bat aurkitu zela. Ez zekiten Alternatiba Demokratikoaren enkartea Egin egunkariak ere kaleratu zuela. Xabier Oleagaren kasuan, Egunkaria-n Martxelo Otamendirekin batera sartu zela azaldu zuten perituek, baina onartu behar izan zuten ez zeukatela horretarako Segurtasun Sozialaren bizitza laboralaren dokumentuari kontra egiteko daturik.
Horren aurrean, perituetako batek hitza hartu zuen esateko Xabier Oleagak artikuluak idazten hasi zela, baina Iñigo Iruinen galderen bidez, argi gelditu zen, kolaborazio hori ETAri atzemandako agiri batean Xabier Oleagari buruzko aipamena gertatu baino lehenago hasi zela.
Bost auzipetuak errugabetzeko eskatu du berriro ere fiskalak (2010-01-28)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu