Bost eguneko sufrimendua

2008ko maiatzaren 24a
12:33
Entzun
Astelehena

Iñaki Otxoa Olzak eta Horia Colibasanu errumaniarrak gailurretik 100 metrora atzera egin behar izan zuten, eta IV. kanpalekura jaitsi ziren, 7.400 metrora. Otxoa Olza ondoezik zegoen, eta IV. kanpalekuan konortea ere galdu zuen. Alexei Bolotov errusiarrak, berriz, gailurrerantz jarraitzea erabaki zuen, baina ez zen bere berririk izan.

Asteartea

Otxoa Olzak eta Colibasanuk IV. kanpalekuan jarraitu zuten, baina bateriarik gabe geratu ziren satelite bidezko mugikorrean. Oso zaila zen bi mendizaleak zer moduz zeuden jakitea, baina iruindarra bizirik zegoela behintzat jakinarazi zuten. Albiste horiek jasota, beheko kanpalekuan erreskate taldeak osatzen hasi ziren berehala.

Asteazkena

Otxoa Olzak Colibasanuren ondoan jarraitzen zuen, ia kordea galduta. Ueli Steck eta Simon Anthamatten suitzarrak, berriz, III. kanpalekuraino iritsi ziren, 6.900 metroraino, Otxoa Olzarentzat hainbat sendagai hartuta. Bolotov errusiarra beherantz abiatu zen, biriketako edema batekin. Beste hiru mendizale errusiar Katmandutik Chomrongera iritsi ziren.

Osteguna

Steck IV. kanpalekura iritsi zen, eta Colibasanu jaisten hasi zen. Sendagaiak hartzen hasi zen Otxoa Olza, eta hobekuntza txiki bat izan zuen. Anthamattenek III. kanpalekuan jarraitzen zuen, eta lau mendizale II. kanpalekura iritsi ziren: Denis Urubko, Dan Bowie, Alexei Bolotov eta sherpa bat. Hirugarren talde bat helikopteroaren zain zegoen Pokharan.

Ostirala

Euskal Herrian 08:45 zirenean hil zen Otxoa Olza, Steck ondoan zuela, garuneko lesio larri batek eta biriketako edema batek eraginda. Suitzarra saiatu zen Otxoa Olza suspertzen, baina ezin izan zuen ezer egin. Urubko eta Bowie III. kanpalekuraino iritsi ziren eta Sticken zain zeuden, jaisten laguntzeko. Otxoa Olza bertan geratuko da betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.