Gaur goizean eraso suizida izan da Afganistango Defentsa Ministerioan, Kabul hiriburuan, eta bost lagun hil dira. Tolo telebista kateak jakinarazi duenez, ekintzaile suizida bat Ministerioan sartu da, eta gainean zuen bonba lehertu du. Leherketaren ondorioz bera eta funtzionario bat hil dira. Egoitza atarian segurtasun indarrek barrura sartzen saiatu diren beste bi ekintzaile tiroz hil dituzte. Bosgarren hildakoa, soldadu bat da. Erasotzaileek armadaren uniformeak eta karnetak zeramatzatela esan dute albiste agentziek. Zazpi pertsona ere zauritu dira erasoan, kargudunak.
Talibanek hartu dute bere gain erasoa, eta Gerard Longuet Frantziako Defentsa ministroa hiltzea zutela helburu esan du Zabiulah Mujahid talibanen bozeramaileak. Kabulen bisita ofizialean da Longuet eta, talibanen arabera, leherketa izan den unean Defentsa Ministerioan zegoen beste diplomatiko batzuekin batera.
Azkenaldian geroz eta gehiago dira Afganistango armadan talibanak infiltratu direla dioten zurrumurruak, eta arazo hori saihesteko neurriak hartu badituzte ere, erasoak ez dira eten.