Oraindik lege proposamena besterik ez da, baina aurrera egiteko aukera handiak ditu Lega Nord Italiako alderdiak egin duen eskaerak, burka eramaten duten lagunei bi urteko kartzela zigorra eta bi mila euroko isuna jartzeak, hain zuzen ere. Diputatuen Ganberan egin dute eskaera hori eta orain, Legebiltzarrean onartu beharko dute.
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren alderdiarekin koalizioa osatzen du Lega Nord alderdiak, eta Legebiltzarrean gehiengoa dute.
Lege proposamena aurrera ateratzen bada, zigorra burka eramaten dutenez gain, aurpegia zapiekin estalita dutenek ere jasoko dute, "segurtasun publikoa bermatze aldera".
Oposizioan dagoen Alderdi Demokratako kide Donatella Ferrantik proposamena "konstituzioaren aurkakoa" dela eta "erlijio askatasuna eztabaidan jartzen" duela nabarmendu du.
Frantzian ere burkaren edo aurpegia estalita eramatearen inguruko auzia dago, oraindik erabakirik hartu ez duten arren. 1990. urtean hasi zen eztabaida, beloa eramateagatik neska bat eskolatik kanporatu zutenean.
Burka eramateagatik bi urteko espetxe zigorra eta bi mila euroko isuna jaso dezakete Italian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu