Gaur bilduko dira iluntzean munduko zazpi herrialde industrializatuenak eta Errusia. G8aren goi bilera San Petersburgon (Errusia) izango da. George Bush AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiako presidentea batzarraren aurretik elkartu dira eta uranio aberastua emateko nazioarteko sistema bat sortzea adostu dute. Uranio aberastua eskatzen duten herrialdeak hornituko dituzte sistema horren bidez.
Ekimen bateratu honekin Iranek eta Ipar Koreak euren sistema nuklearrekin sortzen dituzten krisiak bezalakoak sahiestu nahi dituztela azaldu du Putinek, AEBetako presidentearekin bildu ostean. "IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen kontrol zorrotzaren menpe egongo diren uranioa aberasteko guneak" bilduko dituen sarea sortzea da asmoa.
Errusia MMEtik kanpo
Auzi nuklearrarekin batera, MME Munduko Merkataritza Erakundea izan dute hizpide Bushek eta Putinek. Errusia MMEn sartzeko negoziaketak itxi nahi zituen Moskuk G8aren bilearen aurretik baina ez du arrakastarik izan. "Akordioa puri purian dago baina oraindik lana dago egiteko", adierazi du Bushek bileraren ostean. Errusiarrek zein estatubatuarrek azpimarratu dute urrats garrantzitsuak egin dituztela gai horren inguruan baina onartu dute ez dela hitzarmenik sinatuko "ez gaur ez datozen egunetan". Errusiak akordioa behar du AEBekin MMEn sartu ahal izateko bidea zabalik edukitzeko.
G8aren bilera
Bushek eta Putinek uranio aberastua behar duten herrialdei emateko nazioarteko sistema bat sortzea hitzartu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu