Beasaingo enpresak 42,6 milioi euroko irabazia izan zuen 2015ean, 2014ko ekitaldian baino 20 milioi euro gutxiago —62,1 milioi euro irabazi zituen orduan—. Konpainiak azaldu duenez, irabaziak jaistearen atzean "gastuaren igoera handia" dago, eta bi arrazoi nagusi eman ditu: Brasilgo errealaren debaluazioa dela-eta sortutako kanbio aldeak, eta Brasilgo filialetako finantzaketa kostu handiagoak.
Eskaera zorroa, beteago
Irabziak jaitsi arren, eskaera zorroari ondo eutsi dio Beasaingo tren egileak. 2015eko abenduaren 31an 4.869,1 milioi eurokoa zen eskarea zorroa, baina arrezkero handitu egin da Erresuma Batuan eta Canberran sinatutako kontratu berriei esker, gaur egun 5.500 milioi euro baino gehiagokoa da eskaera zorroa. 2014ko kopurua baino zertxobait handiagoa litzateke, 5.251,1 milioi euroko eskaera zorroa baitzeukan orduan.
Gaur egun CAF garatzen ari den proiektuen artean, hauek nabarmendu ditu konpainiak: aldirietako unitateen hornikuntza Sao Paulorako (Brasil) eta Euskotrenerako; trenak Ameriketako Estatu Batuetako Amtrak enpresarako, Herbehereetarako, Italiarako, Mexikorako, Norvegiarako eta Saudi Arabiarako; bidaiarien autoak Eskoziarako; tranbiak Cincinnati, Kansas, Boston, Friburgo, Cagliari, Budapest, Saint Etienne, Utrecht eta Luxenburgo hirietarako; eta metro-unitateak Bukarest, Medellín, Txileko Santiago, Istanbul eta Helsinkirako.
Proiektu horiei aurtengo lehen hilabeteetan konpainiari esleitutako kontratuak gehitu behar zaizkie: Erresuma Batuko Arriva operadorearentzako unitateak hornitzekoak eta Australiako Canberra hirirako tranbiena.