Erreakzioak

Carod-Roviraren elkarrizketarako ekimena babestu du Aralarrek, "ekimen erabat demokratikoa" dela esanez

2004ko urtarrilaren 26a
16:31
Entzun
Josep Lluis Carod-Roviraren elkarrizketarako ekimena babestu du Aralarrek prentsa-ohar baten bidez, "ekimen erabat demokratikoa" dela esanez.

"Elkarrizketa ez da sekula demokraziaren aurkakoa, legez kanpo dauden erakundeekin hitz egiten bada ere. Are gehiago, demokraziaren sakontasunaren adierazgarri da elkarrizketari baldintzarik ez jartzea", dio Aralarrek oharrak. ERCko buruaren ekimena "ausarta" izan dela nabarmendu du, "irtenbide demokratikoei eta elkarrizketei ateak ixten dutenek egiten ari diren kanpainari aurre egiten baitie".

Halaber, "zenbait arrisku hartzeko garaia" dela jasotzen du Aralarren oharrak, eta "seriotasun demokratikoaz baliatuz, PPko Gobernuak eta ETAk su-etena hautsi zuenetik egiten duten dialektikari alternatiba aurkezten dio Carod-Roviraren ekimenak".

PSOEk Maragallen bidez Carod-Rovirari presio egiteko zabaldutako mezua "atzerakoia eta koldarra" dela nabarmentzen du Aralarrek. "PSOEk jakin behar du jatorri politikoko gatazkak bide politikoak erabiliz amaitzen direla. Hauteskundeei begira duten jarrera horrek PPk irekitako bidetik aldentzeko gaitasun eza erakusten du", esanez amaitzen du Aralarrek bere oharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.